Aberri Eguneko ekitaldiak bihar egingo dituzte Aralar, AB eta Iratzarrik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 3a, 00:06

"Gora Herria, Euskal Herri berria" lelopean, Urruñan batuko dira bihar, larunbatarekin, Abertzaleen Batasuna, Aralar eta Iratzarri gazte erakundea. Aberri Egunaren bezperan, 17:30etik aurrera, ekitaldi politikoa eta hainbat ikuskizun izango dira Lapurdiko herrian. Bertan, erabakitzeko eskubidea aldarrikatuko dute. Era berean, eskubideen errespetua bermatzeko "bide politikoak soilik" zilegiak direla iritzita, ETA erakunde armatuari "indarkeriaren erabiltzeari uzteko erabaki aldebakarrekoa hartzeko" eskatuko diote hiru eragileek. Bestalde, hasieran kontrakoa zabaldu arren, ABk eta Aralarrek ez dute azken hiru urteko dinamika bateratua apurtuko eta ordezkari multzo bana bidaliko dute Independentistak sareak Aberri Egunean, igandean, Hendaia eta Irun artean egingo dituen ekitaldietara. Argazkian, Urruñako ekitaldiak iragartzeko prentsaurrekoa / © Aralar.

Aralar, AB eta Iratzarrik Aberri Egunerako prestatutako agiria:

Agiria Euskal Herriari

2010eko Aberri Egunean, egoera politikoak eta geroari begirako aukerek agiri hau sinatzen dugun indar politiko, sozial eta sindikalei parada eskaintzen digu, elkarrekin egindako analisi politikoan eta erantzukizunean oinarritutako eta etorkizunera begirako bost adierazpen edo proposamen hauek Euskal Herriko gizartearekin elkarbanatzeko.

Manifestu hau idekia da, eta nahi duten indar politiko, sindikal eta sozial guztiek bat egin dezakete.

1. Akordio politikoaren beharra: erabakitzeko eskubidea.-

Euskal Herria Europako herrietako bat da, eta izaera horri heldu nahi dio, Europako gainerateko herriekin elkartasunean arituz. Beharrezkoa da Euskal Herriari bere erabakitzeko eskubidea aitortzea, horixe delako herrien duintasunaren ikur nagusia.

Askatasunetik bakarrik jardun daiteke elkartasunean, eta herrien arteko berdintasunetik bakarrik lor daiteke egiazko internazionalismo solidarioa.

Erabakitzeko eskubidea molde demokratikoan jarri behar da praktikan, eta halaxe aldarrikatzen dugu sozialki egonkortutako erabaki-esparruetan oinarritua: Nafarroa, Euskal Autonomia Erkidegoa eta Iparraldea, bere lurralde elkargoa xedetzat daukalarik; eta horregatik, aldarrikatzen dugu status autonomiko bakoitzak kontsultak deitzeko eta erabakitzeko eskubidea aitortua izateko gaitasuna ukaitea beren erabaki-esparruetan.

Euskal Herriko indar politiko abertzale eta demokratikoak erabakitzeko eskubidea defendatzeko deituak gaude, beti ere molde demokratikoan gehiengoak hartutako erabakia errespetatuz. Euskal Herriari herri izatea aitortzen dion eskubide honen defentsa bateratua egiteko deia egiten diegu indar abertzale eta demokratiko guztiei, horretarako akordio politiko berria bilatuz.

2. Giza eskubideak, eskubide zibilak eta eskubide politikoak.-

Pertsona guztiak, proiektu guztiak eta ideia guztiak leloa gogoratzen eta aldarrikatzen dugu. Soilik bide politikoetatik aldarrikatzen ditugu Euskal Herriko herritarren eskubide guztien eta Euskal Herriko herriaren beraren eskubideak, gisa horretan bakarrik delako eraginkorra eta bideragarria horien defentsa.

Eskubide zibil eta politikoen defentsa giza eskubide guztien argudioetan eta horien defentsa bateratu eta lotuaren arrazoian oinarritu behar dela aldarrikatzeko aukera eskaintzen digu Aberri Egunak.

Euskal Herriari behin eta berriz ukatzen zaizkion giza eskubideen, eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena eskubide guztien defentsatik abiatuta egiten dugu eta horien urraketa bakoitzaren aintzinean salaketa erradikala, koherentea eta tinkoa eginez. Giza eskubide guztien defentsak eskaintzen duen argudio indar gaindiezinetik, askatasunak eta eskubide politikoen aldarrikapenak ahantziko ez ditugun eta bigarren mailan utziko ez ditugun aldarrikapenak dira.

3. Bakea.-

Euskal Herriak behar du, exijitzen du eta erabaki du bakean bizitzea. ETA erakundeari eskatzen diogu indarkeriaren erabiltzeari uzteko erabaki aldebakarrekoa har dezala inolako ordainik eskatu gabe, horixe baita abertzaleok behar dugun ekarpena irizpide demokratikoak defendatzeko eta jardun politikoaren zilegitasunaren aldarrikapena egiteko. ETAk bakea zor dio Euskal Herriari eta euskal herritarrei, eta ez inongo estaturi.

Bakearen alde indarrak biltzeko deia egiten diegu Euskal Herriko eragile politiko eta sozial guztiei. Bakea Euskal Herriak bere buruari eman behar dion dohain bat da.

Preso politikoentzako amnistia eta biktima eta kaltetuei kalte-ordaina ematea bakea lortzeko beharrezko oinarriak dira.

4. Politika sozial eta ekologikoa krisiari buru egiteko.-

Euskal Herriak bizi duen egiturazko krisiaren eta krisi globalaren ondorioak pairatzen ari direnekin daukagun konpromiso sozialak gure indarrak batzera bultzatzen gaitu. Lan bila ari den langabetu bakoitzak gure elkartasuna dauka. Krisiaren ondorio latzenak bizi dituzten gizarteko sektore ahulenak –etorkinak, gazteak, emazteak, iraupen luzeko langabetuak- dira gure kezken helburu nagusiak.

Gainera, egiazko gizarte eredu aldaketa batek premia ekologikoei erantzutea dakar, eta bide batez, aldaketa klimatikoaren eraginei buru egiten saiatzea.

Gure abertzaletasuna elkartasunean eta krisi ekonomikoari erantzun soziala ematean oinarritzen dela aldarrikatzen dugu. Egoera honen erantzuleak, finantzen espekulazio insolidarioak eta norberekeriak sortutakoa, dira bere ondorioei buru egin beharko dietenak, eta ez dituzte langileen bizkar gainera jaurti behar.

5. Euskal Herriaren eraikuntza.-

Europako hizkuntza zaharrena, euskara, daukan herriak Europako gainerateko herriekin laguntasunean eta elkartasunean aritzeko borondate eta indar gazteak dauzka. Europako beste nazio bat izateko erabakia hartu du Euskal Herriak.

Europako gainerateko hizkuntz ofizialen eta kulturen maila berean jarria, euskararen eta euskal kulturaren defentsa egiten dugu, eta Euskal Herria osatzen duten lurraldeak - Iparraldea, Nafarroa eta EAE- batzeko aldarria egiten dugu, herritarren erabaki askean oinarrituta.

Euskal gizarteari, Espainiako eta Frantziako estatuei eta erkidegokoetako zein bestelako botere publikoetako agintariei dei egiten diegu, Euskal Herriaren eta Europako herri guztien askatasunean oinarritutako bakegintzaren aldeko lan berezia egitera.

Euskal Herrian, 2010eko Aberri Egunean
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun