Independentistak sareak Aberri Eguna aurkezteko Iruñean emandako prentsaurrekoaren oharra:
Hemen gaude, Iruñean, Euskal Herriko hiriburu historikoan, XXI. mendeko euskaldunok estatua behar dugula aldarrikatzeko. Hemen sortu zen Iruñeko erresuma, gero Nafarroako erresuma bilakatu zena, indarrez kendu ziguten estatua, hots.
Hemendik, Iruñetik, estatu gabe utzi zuten herriaren hiriburutik, estatua lortu nahi dugula aldarrikatzen dugu, estaturik gabe ez dagoelako euskal nazioa askatasunean eraikitzerik. Gure herriaren nortasuna, eskubideak eta, finean, boterea ordezkatzen dituen monumentu honen aurrean gaudela, independentziaren beharra eta komenigarritasuna aldarrikatu nahi ditugu.
Ikur historiko baten ondoan, iragana ezagutu eta aztertu behar dela aldarrikatuz, geroari begira jartzen gara, euskal estatua eraikitzeko urratsak eman ditzagun, jendearen parte hartzearen bitartez, independentziaren aldeko sare erraldoia osatuz.
Aurtengo Aberri Egunak lelo argia dauka: nazioa gara, estatua behar dugu! Nazioa gara, naziotasuna ukatzen diguten arren, nortasunik gabe utzi nahi gaituzten arren, gure hizkuntza, gure kultura, gure ekonomia, gure askatasunak ukatzen dizkiguten arren. Nazioa gara eta estatua izan nahi dugu, hauxe baita gure etorkizunerako aukerarik onena. Gure hautua ez da ergelkeria, izan ere, herri gehienen hautua da, ibilbide historikoak baieztatzen duena, gaurkotasunaren ikuspegitik onena dena.
Independentistok aldaketa handiak ekarri nahi ditugu. Gure herriak aske erabaki dezan, eta biderik onena, hau da, independentziarena, demokratikoki eta gehiengoz aukera dezan. Bidea ez da erraza izanen, baina Euskal Herria ez da atzo sortu eta ez da bihar hilen. Atzean dugun monumentuak ordezkatzen duena mendeetako ibilbidea da, aurrera doan ibilbidea, independentziara doan ibilbidea.
Jadanik, 7.000 baino gehiago gara aberri egunaren deitzaileak. Jadanik, eta Aberri Eguna bera oraingoz ospatu ez bada ere, 2010koa aberri egun historikoa bilakatu da, inoiz baino jende gehiagok deitu duelako. 7.000 lagun + 6.500 inguru zale interneteko sare sozialetan. Nabarmena da deialdiak izan duen oihartzuna: autobusak, kartelak, jendearen arteko mezuak…
Izugarrizko arrakasta izan dugu. Kopurua izugarria da, eta gainera, aniztasuna adierazten duena. Izan ere, oso pozik gaude beren burua abertzaletzat jotzen duten alderdi, sindikatu eta talde guzietako lagunek egin dutelako bat deialdiaz. Aberri egun bateratua izanen da, sentsibilitate guzietako independentistak bilduko baikara bertan.
Jakina, denak izanen dira ongi etorriak, denok beharrezkoak gara, aniztasuna ezinbestekoa baita sortzen ari garen etxea independentista guzien etxea izatea nahi dugulako, nork bereari etsi gabe, sentsibilitate eta kultur aniztasun horrek aberasten gaituelako.
Guk egin duguna gure herriaren protagonismoaren aldeko apustua da: herriak hartu behar du independentziaren ikurra. Uste dugu igandeko aberri eguna gertaera garrantzitsua izanen dela bide horretan.
Gauzak honela, deialdia zabaldu nahi diegu independentista guziei Hendaia eta Irunera etor daitezen.
Argi utzi nahi dugu, bestalde, aberri egunean ez dela deus ere bukatuko; hasierako fasea gaindituta, milaka lagunen parte hartzea lorturik, sarea osatu eta indartzeko erronkari eutsiko diogu. Lortutako arrakasta konpromisorako deia bilakatu da eta aurten urrats garrantzitsuak emanen ditugu independentziaren aldeko sarearen antolakuntzan. Oinarri sendoak ditugu, esan bezala, jadanik milaka lagunek egin dutelako bat sarearekin. Aberri Egunaren ondotik energia horiek auzolanean jartzea izanen da helburu nagusia.
Hainbat abisu zabaldu nahi ditugu aberri egunari begira:
1/ jende asko etortzea espero dugu, beraz, deialdi berezia egin nahi dugu jendeari autobusez etortzeko edota autoak partekatzeko, trafiko arazoak gainditzeko.
2/ egun osoko egitaraua dauka aurtengo Aberri Egunak, gure webgunean (www.independentistak.net) ikus daitekeena.
3/ auzolanean eginen da Aberri Eguna, beraz, denon laguntza beharko dugu, besteak beste bost eurotan (gutxienez) salduko den laguntza-oroigarria erosiz.
4/ 2.000 lagunendako bazkaria antolatu dugu eta laguntzaileak behar ditugu antolakuntzarako: aberrieguna2010@gmail.com txartelak goizean jarriko dira salgai.
5/ berriz ere esaten dugu musika talde, txaranga, txistulari eta gaitari guztiak oso ongi etorriak izanen direla, independentziaren aldeko manifestazio alaitsua nahi dugulako.
6/ saio berezia eginen dugu gure webgunean Aberri Egunaren inguruan eta denak gonbidatuta zaudete zuen ekarpenak egiteko: iritziak, argazkiak, bideoak… denon artean aberri egunaren mosaikoa osatzeko.
7/ deialdia zabaltzeko gonbita egiten dizuegu, e-posten bidez, sms-en bidez, formula guziak erabiliz, 2010eko aberri egun historikoa bultzatzeko.