Aralarren prentsa oharra:
Ezker abertzale zibil eta politikoaren oinarriak aldarrikatu dituzte Urruñan, Aberri Egunaren bezperan
Beren burua ezkerrekoa eta abertzalea duten ehunka lagunek etorkizuneko ezker abertzale zibil eta politikoaren oinarri eta irizpide ideologikoak aldarrikatu dituzte Aralarrek, Abertzaleen Batasunak eta Iratzarrik Urruñan deitutako Aberri Egun bezperako ekitaldi politikoan. Txalapartariak, Aitor Mendiluze bertsolaria eta musikarien saioarekin batera, Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak, Andde Sainte-Mari Abertzaleen Batasuneko bozeramaileak eta Leire Martinez Iratzarriko kideak parte hartu duten ekitaldi politikoa izan da.
Elkarrizketarako eta elkarlanerako jarrera irekia dutela nabarmendu dute Urruñan bildutakoek. Zentzu horretan, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat eragilek aintzat hartu dute Aralarrek eta AB luzatutako gonbitea, eta Urruñara bildu dira Alternatibako (Jon Lasa, Jon Albisu), EAko (Aritza Camblong eta Maite Urrestieta) edota ERCko (Marta Rovira) ordezkariak.
Patxi Zabaletak azpimarratu duenez, “gaur eta biharko ezker abertzale politikoaren zutabeak jarri nahi ditugu, inor baztertu gabe, baina printzipioak argi utziz. Indarkeria alde batera utziz, bide zibil eta politikoetatik jardungo duen ezkerreko indar abertzale eraginkorra nahi dugulako. Horren alde ari gara lanean, eta horren alde lanean jarraituko dugu”.
Zabaletak gaineratu duenez, “XXI. mendeko Europako herri normala izan nahi dugu. Horixe da gure xede politikoa. Eta horretarako Euskal Herriak eta Abertzalegoak ezker abertzale politiko eraginkorra behar du. Aralarren IV. kongresuko txosten politikoak argi eta garbi adierazten ditu, bide, lanabes eta xede soilik politikoak erabiltzearen aitorpenetik hasita, barne-egitura demokratikoetaraino beharrezkoak direla ezker abertzale politiko eta eraginkorra egikaritzeko. Horixe da Aralar egunero egiten ari dena”.
Aralarreko koordinatzaile nagusiak Euskal Herriak akordio politikoa behar duela adierazi du, eta akordio politiko hori, lehenengo eta behin, euskal herritarron artean lortu eta eraiki beharrekoa dela nabarmendu du. “Akordio politikoa behar dugu, erabaki eskubidea irabazi ahal izateko; akordio politikoa, herri izaera aitortzeko; akordio politikoa, etorkizuna eta elkartasuna eraikitzeko”. “Hau guztia aldarrikatzerakoan”, gaineratu du, “nabarmendu nahi dugu giza eskubide guztien defentsa irmoan oinarritutako akordio politikoa behar dugula”.
Bakegintzan adituak diren nazioarteko eragileen aste honetako adierazpena hizpide izan du Zabaletak. “Labur, baina argi mintzatu dira. Errespetuz, baina tinkotasunez. Euskaldunok harro gaude eta ekarpen garrantzitsu hori goraipatzeaz eta eskertzeaz gainera, bete eta betearazi egin behar dugu. Hori bakarrik delako bene-benetan aintzat hartzean froga. Eltzea sutan frogatzen da, adierazpen horren froga zeharo betetzea ala ez betetzea da.
Zehaztu duenez, ETAk eta Espainiako Gobernuak bete egin behar dute adierazpenean jasotakoa, “eta beste eragileok elkarlanerako prest jarri behar gara. Horixe da gure mezua: borroka armatuan etena egitea, kontraprestaziorik gabekoa, horrela izanez gero, gure aurka itzuliko litzatekeelako. Eta Espainiako Gobernuak erantzun duina eman behar dio eten horri, beste munduko herri guztietan eman den bezalako erantzuna”.
Bakea euskaldunok egin behar dugula agertu Zabaletak. “Euskaldunon artean egin behar dugu bakea. Euskaldunok izan behar dugu bakegintzaren protagonistak eta bakearen egileak. Euskaldunoi zor zaigu bakea. Euskaldunoi zor zaigu akordio politikoa eta normalizazioa”.
Ezkerreko politikak ezartzearen premia ere aipatu du Aralarreko koordinatzaileak. “Aralarrek uste du eguneroko ezker politika, benetako ezkerrekoa inoiz bainoa premiazkoagoa dela XXI. mendeko Euskal Herrian. Nafarroan, Euskal Erkidego Autonomoan eta Iparraldean inoiz baino beharrezkoagoa da politika aurrerakoiak, ingurumenaren errespetuan oinarrituak eta ezkerrekoak bultzatzea”.
Andde Sainte-Mariek, bere aldetik, autodeterminazio eskubidea aldarrikatu du Euskal Herriarentzat. “Noski, autodeteminazioarako eskubide hori herri gisa aldarrikatzen badugu ere, argi izan behar dugu, eskubide horren deklinazioak erabat asimetrikoa ere izan behar du, eta guk nahi ala ez, herri honen errealitate soziopolitikoari egokitua izanen da, ala ez da izanen”.
Zentzu horretan, Batera plataformak egindako lana goraipatu du. “Nor da herri huntan demokraziaren beldur? Bidea, bide bat da Batera. Ipar Euskal Herrian oraindik gehiago sakondu eta urratu behar dugun bidea, ildo hortatik joango da: indar metaketa hortik eraman behar dugu, indarrak hor sartu behar ditugu. Erabakitze eskubidearen gauzatzean, bai Iparraldean, baita agian Hego Euskal Herrian ere”.