Ertzaintzak gazte bat atzeman du gaur goizaldean Itzubaltzeta / Romoko taberna batean lapurretan ibili izana leporatuta, ostatuan bertan harrapatu ondoren.
Herrizaingo Sailaren arabera, ustezko lapurreta goizaldeko hirurak bost gutxi aldera izan da. Ordu horretan, bizilagun batek dei egin dio Ertzaintzari norbaitek tabernan ebasten ari zela ohartarazteko. Bertaratu den patruila batek tabernako kristaletako bat hautsita aurkitu du. Kanpoaldea ikuskatu dute berehala eta barruan norbait zegoeneko susmoa izan dute. Tabernako jabeari dei egin diote eta bertaratzeko eskatu diote. Bitartean, barrura sartu dira ertzainak eta gizon bat antzeman dute sukaldean ezkutatuta. Susmagarria identifikatu ostean, lapurreta delitu bat leporatuta atxilotu egin dute. 28 urteko susmagarria ertzain-etxera eraman dute eta, hainbat izapide burutu ondoren jarriko dute epailearen esku. Era berean, atxilotuak inguruetako beste taberna batean egindako lapurretarekin izan dezakeen zerikusia ikertzen ari da Ertzaintza.