Gaur hasiko dira Txorimalo gaztetxearen laugarren urteurrena ospatzen

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 6a, 16:23

2006ko apirilaren 10ean okupatu zuten Getxoko Txorimalo gaztetxeak lau urte beteko ditu larunbat honetan. Hori dela eta, astearte honetan hasi eta aipatu egunera bitartean, ekitaldi ugari izango dira bertan zein Algorta erdigunean. Arratsaldeko zazpietan egingo dute, gaur, urteurrenaren hasiera ekitaldia, Txorimalon; aurreskua, bertsolariak, traka... izango direla. 21:30ean, berriz, film laburren proiekzioa izango da. Hurrengo egunetan txandaka hartuko dituzte ospakizunak Algortak eta Getxok: agro-olinpiadak, ikuskizuna, umeentzako jolasak, zirku showa eta manifesta-poteoa, hurrenez hurren. Gainera, Sarea Josten ekimenarekin bat eginez, ostiralean, hilak 9, antzezlana eta folk jaialdia izango dira gaztetxean, 21:30etik aurrera. Egun horretan, Txorimalon bertan egongo da ikusgai euskararen aldeko ekimenarekin bat egin duten Getxo udalerriko 30 eragile inguru biltzen dituen erakusketa. Egun handia, baina, larunbatean helduko da. Argazkian, ohorezko aurreskua iaz Txorimalon.

Goizez, 11:00etan hasita, tortilla txapelketa egingo dute, 13:30ean artzain txakur erakusketari bide egiteko. 15:30ean izango da herri bazkaria, arratsalde eta gau parteko ekitaldientzako indarrak hartzeko. 19:00etan hasiko dira kontzertuak, Aske, Itziarren Semeak eta Apartheid taldeen eskutik. Gaueko giroa, ohiko lez, DJ Bull-ek jarriko du. Bazkari eta kontzertuetarako txartelak ohiko lekuetan daude salgai, 10 eurotan. Horrenbestez, honako hauek izango dira apirilaren 6tik 10era bitarteko ekimenak:

Apirilak 6, martitzena
Getxoko Txorimalo gaztetxean.

19:00 Hasiera ekitaldia: aurreskua, bertsolariak, traka...
21:30 Film laburrak.

Apirilak 7, eguaztena
Getxoko Txorimalo gaztetxean.

17:00 Agro-olinpiadak.
20:00 Ikuskizuna.

Apirilak 8, eguena: Herriaren eguna
Algortako Telletxe plazan, baimenaren arabera aldaketarik ez badago.

11:00 Umeentzako jolasak.
18:00 "Argotu" zirku showa.

Apirilak 9, barikua

19:00 Manifesta-poteo, Algortako Baserri tabernatik abiatuta.
21:30 Antzerkia, Getxoko Txorimalo gaztetxean.
Ondoren... folk jaialdia.

Apirilak 10, zapatua
Getxoko Txorimalo gaztetxean.

11:00-13:00 IV. Tortilla Txapelketa.
13:30 Artzain txakur erakusketa.
15:30 Herri bazkaria.
19:00 Kontzertuak: Aske, Itziarren Semeak eta Apartheid.
Ta gaupasa DJ Bull-ek alaiturik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun