Abiatu dituzte Txorimalo gaztetxearen urteurren ekitaldiak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 7a, 21:03

Larunbat honetan beteko dira lau urte orain Txorimalo gaztetxea den eraikinean dozenaka gazte sartu eta okupatu zutenetik. Hori dela eta, urtemuga ospatzeko hainbat ekitaldi prestatu du Algortako Gazte Asanbladak. Atzo abiatu zituzten, 80 bat lagun bilduta, gaztetxeari aurreskua dantzatuz. Bertsolariek ere gazteak zoriondu zituzten zentro sozialaren ibilbidean zehar egindako ahaleginagatik. AGAk, bere aldetik, Udalaren isunak eta polizien kolpeak gaindituz egindako ekimenak izan zituen gogoan: LZPren aurkakoak zein jai herrikoiak, parekidetasuna, autogestioa, okupazioa eta internazionalismoaren aldekoak. Ohiko suziri-trakaz eman zioten bidea lunchari eta film laburren emanaldiari. Gaur berriz, landa-olinpiadak izan dituzte, aurten lokatzarik gabekoak eta 20:00etan, kantautorea entzuteko parada izango da. Hurrengo egunotan ere, zertaz gozatzea izango da.

Algortako Gazte Asanbladaren oharra:

Badira lau urte etxe huts hau okupatu eta piztuz egon garela. Mila ekimen eraman ditugu aurrera denbora honetan guztionetan, gazteria kritiko eta benetako alternatiben aldekoa sortzeko helburuz.

Lau urte luze izan dira bai, eta gure borrokak ez dira txikiak izan. Hor daukagu LZPren kontrako lana, jai herrikoiak bultzatzea, parekidetasuna, autogestioa, okupazioa eta internazionalismoaren alde sortu ditugun ekimenak.

Baina gure aurkako oztopoak ez dira gutxi izan. Udalaren eta indar polizialen jarreraren aurrean tinko mantenduko gara. Beraien isunak eta ostiak geldituko ez gaituztela jakin dezatela. Ez gara kikilduko! Gazte mugimendu indartsuaren alde atzo gaur eta beti.

Besterik gabe, guztioi luzatzen dizuegu laugarren urteurren honetan parte hartzeko deia.

Algortako gazteok, inguruko gazte asanbladok, herriko kolektibo eta auzokideok, guretzat hain garrantzitsua den aste honetaz ahal bezain beste gozatzera gonbidatzen zaituztegu.

Ondo pasa egun hauetan, baina garbi eduki borroka luzea izango dela.

Gora Algortako Gazte Asanblada!

Gora Txorimalo!

4. urteurreneko egitaraua:

Apirilak 6, martitzena
Getxoko Txorimalo gaztetxean.

19:00 Hasiera ekitaldia: aurreskua, bertsolariak, traka...
21:30 Film laburrak.

Apirilak 7, eguaztena
Getxoko Txorimalo gaztetxean.

17:00 Agro-olinpiadak.
20:00 Ikuskizuna.

Apirilak 8, eguena: Herriaren eguna
Algortako Telletxe plazan, baimenaren arabera aldaketarik ez badago.

11:00 Umeentzako jolasak.
18:00 "Argotu" zirku showa.

Apirilak 9, barikua

Egun osoan zehar, Sarea Josten Getxo udalerriko 30 eragileren ekimen euskaltzaleak antolatutako erakusketa ikusgai izango da Getxoko Txorimalo gaztetxean.
19:00 Manifesta-poteo, Algortako Baserri tabernatik abiatuta.
21:30 Antzerkia, Getxoko Txorimalo gaztetxean.
Ondoren... folk jaialdia.

Apirilak 10, zapatua
Getxoko Txorimalo gaztetxean.

11:00-13:00 IV. Tortilla Txapelketa.
13:30 Artzain txakur erakusketa.
15:30 Herri bazkaria (bazkari eta kontzertuetarako txartelak ohiko lekuetan daude salgai, 10 eurotan).
19:00 Kontzertuak: Aske, Itziarren Semeak eta Apartheid.
Ta gaupasa DJ Bull-ek alaiturik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun