91 urteko amonaren erailketa salatuko dute bihar Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 7a, 21:56

Bonifacia Ruiz de Arbulo 91 urteko atsoa hilik agertu zen pasa den astelehenean Agurainen. Andrak hainbat zauri zituen, ustez arma zuriz egindakoak. Herrizaingo Sailak 19 urteko biloba atxilotu du ustezko hiltzailea delakoan. Algortako Bilgune Feministak zabaldu duenez, bihar, ostegunarekin, "Emakumeon kontrako indarkeriarik ez!” lelopean, elkarretaratzeak deitu ditu Emakumeon Mundu Martxako Euskal Herriko Plataformak. Uribe Kostan, Algortako Telletxe plazan egingo dute, arratsaldeko 19:30ean. Bilguneren ustez, "kasua ez da beste batzuetan bezain argia izan baina indarkeria sexista kasu baten aurrean gaudela baloratu genuen". Ruiz de Arbulo bortxakeria matxistak eraildako urteko laugarren emakumea litzateke kasua baieztatuz gero. Aurretik, urtarrilaren 17an Elena Cal, Tolosan; otsailaren 8an, Amelia Sanchez, Barakaldon; eta otsailaren 19an, Isabel Velez, Lasarte-Orian, ustez erail zituzten gizonezko bikotekide eta senideek. Argazkian, Velezen heriotza salatzeko elkarretaratzea Algortan.

Emakumeen Mundu Martxarako Euskal Herriko Plataformaren oharra:

Astelehen gauean Agurainen jazotako erailketa dela eta Emakumeon Mundu Martxako plataformak bihar egingo dituen elkarretaratzeen berri emateko zuzentzen gara zuengana.

Azken kasu hau ere, nahiz eta komunikabide batzuetan ez den indarkeri sexistatzat hartu, mugimendu feministatik emakumeon kontrako indarkeria kasutzat hartzen dugu. Emakumeon kontra ematen diren eraso guztietan sexismoa inplizituki beti agertzen baita. Hortaz, eraildakoaren emakume izaerak eragina izan duela iruditzen zaigu. Herrizaingo Saila kontuan hartzen ari den hipotesiez gain, hildakoa eta hiltzailearen artean izan zitekeen botere harremana azpimarratu nahi genuke. Emakumeen kontrako indarkeria ez da beti agerikoa. Egiturazkoa den indarkeria da, jendarteak antolatzeko duen eredutik hasi eta gure bizitzako esparru guztietan ematen dena. Patriarkatuak sexuen artean ezartzen dituen botere harremanek ahalbideratzen dute indarkeria sexista eta batzuetan zuzenean ematen da eta besteetan aldiz, zeharka.

Indarkeria mota hau gure gizartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta hedatuenetakoa da. Emakume izateagatik jasaten dugun  biolentzia oroz ari gara: sexu erasoak, prostituzio behartua, lantokietako sexu-jazarpena, jipoiak eta emakumeon erailketak... Emakumeon aurkako indarkeria patriarkatuaren oinarrian dago, eta honek, gizartean emakumeok jasaten dugun mendekotasuna betikotzeko kontrol  mekanismo gisa erabiltzen du biolentzia.

Aste honetako gertakariez gain, Nora gasteiztarrak desagertuta jarraitzen duela gogoratu nahi genuke. Emakume hau Gasteizko asistentzia zerbitzuen laguntza jasotzen ari zela desagertu zen, baina bere desagerpenaren argiketa burutzerako orduan instituzioak utzikerian erortzen ari direlakoan gaude.

Bukatzeko deialdia luzatu nahi diogu jendarteari eta  emakume guztiei mobilizazioetan parte hartzeko. Emakumeon kontrako indarkeriarik ez!

Kontzentrazioak ostegunean egingo dira jarraian zehaztutako ordu eta tokietan:

Apirilak 8
• Algorta, 19:30ean, Telletxen
• Gasteiz, 20:00etan, Andramari Zurian.
• Donostia, 19:30ean, Bulebarrean.
• Tolosa, 19:30ean, San Frantzisko elizan.
• Orereta, 19:30ean, Niessenen.
• Zarautz, 19:00etan, Udaletxe aurrean.
• Arrasate, 19:00etan, Plazan.
• Iruñea, 20:00etan, Udal Plazan.
• Lizarra, 20:00etan, Baja Nabarran.
• Altsasu, 19:30ean, Udaletxe plazan.
• Bilbo, 19:30ean, Arriagan.
• Zornotza, 19:00ean, Erreferendum Plazan.
• Portugalete, 20:00etan, Metro geltokian.
• Azpeitia, 19:30ean, Herriko Plazan.
• Irun, 19:30ean, Zabaltza Plazan.
• Leitza, 20:00etan, Lopeneko Errotondan.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxako Plataforma (Bizkaiko Emakumeon Asanblada, Bilgune feminista, Andere Bidatz, Hazparneko Emazteek Diote, Bortizkeriaren kontrako protokoloa, PAF, Anezka, Mugarik gabe, Mundu bat, ELA, LAB, EILAS, ESK, EHNE)
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun