Ertzaintzak 33 eta 37 urteko bi gizonezko atxilotu zituen pasa den ostiralean Getxo udalerrian. Atxilotuei orain dela aste batzuk Gorlizko merkataritzagune batean izandako lapurreta saiakera egotzi diete. Izan ere, maiatzaren 10eko goizaldeko 2:30ak aldera, Gorlizko merkataritzagune bateko alarma piztu zen eta Ertzaintzaren hainbat patruila-auto bertaratu ziren. Poliziek teilatutik bulegoetara zihoazen bi zulo topatu zituzten. Gainera, hainbat bulego hankaz-gora zeuden eta alarma zein telefonia sistemen kutxak kalteak zituzten eta kableak moztuta zeuden, Herrizaingo Sailak zabaldu duenez. Dena den, merkataritzaguneko zuzendaritzak jarritako salaketaren arabera, lapurreta ez zen gauzatu, seguru aski alarmak jota lapurrek ihesaldiari ekin ziotelako. Hainbat ikerketaren ostean, pasa den ostiral goizean ustezko lapurrak atxilotu zituzten Getxo udalerrian, indarrezko lapurreta egotzita, ondoren epailearen esku uzteko.