Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Batasunaren aurkako auzian hamabina urteko espetxe zigorra eskatu du Arnaldo Otegi, Joseba Permach eta Rufi Etxeberria ezker abertzaleko kideentzat, herriko tabernen bidez "ETA finantzatu" dutelakoan,
Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Erakunde armatuko buruzagitzat jo ditu Fiskaltzak. Gaur 13:30ak aldera eman du bere eskaeraren berri. Ezker abertzaleko beste 37 lagun ere auzipetuta daude. Haietako hogeirentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak, ETAko kide direla egotzita, horien artean Karmelo Landa Leioa eta Erandioko campuseko irakaslea dagoela. Otsailean askatu zuten, 50.000 euroko bermea ordainduta. Beste hamazazpientzat zortzinakoa, erakunde armatuari laguntza eman diotelakoan. Azken horien artean dira, Jose Luis Franco eta Maite Amezaga algortarrak, Izaskun Barbarias urduliztarra eta hainbat urtez Getxoko Udalean lan egin eta PPk kaleratu nahi izan zuen Sabin del Bado. Halaber, Herri Batasuna, Euskal Herritarrok eta Batasuna legez kanpoko alderdiak desegiteko ere galdegin du Fiskaltzak. Argazkian, elkarretaratzea Algortan "salbuespen egoera" salatuz.