Getxoren Aldeko Emakume Hiritarren Taldeak gogor kritikatu du orain dela aste batzuk egindako
"Getxoberri"ren imitazioa. Zehazki, Getxoko udal aldizkariaren kopian iragartzen zen tratu txarren biktimentzako arreta telefonoa gezurrezkoa zela salatu du talde horrek. Eusko Jaurlaritzak xede horrekin erabiltzen duen 900 840 111 telefonoaren ordez, 900 675 899 zenbakia agertzen zen iruzurrezko "Getxoberri"n. Azken telefono hori ez dago zerbitzuan, UKBERRI.NETek egiaztatu ahal izan duenez. Hori dela eta, "arduragabekeria ergela erakutsi" dutelakoan, "tratu txarren biktimak" izan daitezkeen emakumeen "egoera larria mesprezatzea" leporatu diete
ekintza komunikatiboaren egileei. Ildo horretan, Getxoko talde politiko guztiei "tratu txarren biktimez trufatzen saiatu diren pertsonak identifikatzeko eskura dituzten baliabide guztiak jartzeko" eskatu die andra taldeak, "emakumeak mesprezatzen dituztenak" nortzuk diren jakiteko "irrikan" baitaude. Elkartearen ekimena izan zen telefonoa udal aldizkarian jasotzea. Irudian, "Getxoberri" faltsuan argitaratutako telefonoa.