Sarea josten ekimenak hamaika ekitaldiz beteko du Getxo

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 8a, 20:40

Ostiral honetan (apirilak 9) hasita, hamaika ekitaldi izango da hilaren amaierara bitartean Getxo udalerrian, euskararen aldeko Sarea josten egitasmoaren baitan. Txorimalo gaztetxearen 4. urteurrenarekin bat eginez, bihar, 21:30etik aurrera, antzerkia eta folk jaialdia izango dira aipatu zentro sozialean. Algortako Baserri tabernatik 19:00etan abiatuta, manifesta-poteoa eginez helduko dira bertara. Halaber, gaztetxean egongo da ikusgai euskaldunen arteko harremanak sendotzea xede duen ekimenarekin bat egin duten 30 eragileen erakusketa ibiltaria. Apirilaren 25era bitartean, udalerriko hamar lekutan jarriko dute mostra. Bihartik aurrera ere Koska irratian (108.0 fm) egongo dira entzungai talde bakoitzak grabatutako soinu-deia. Egitarauari hilaren 24an, larunbatarekin, emango diote bukaera, Itzubaltzeta / Romoko frontoian herri bazkaria eginez. Tartean, hitzaldiak, mendi-irteerak, musika emanaldiak, mahai-inguruak, bertso-saioak, bizikleta-ibilbideak, kantu-poteoa, literatur saioak… izango dira. Argazkian, gaurko umeentzako jolasek emango diote bidea bihar Sarea joste ekimeneko hasierako ekitaldiei, Txorimalo gaztetxearen urteurren ospakizunen baitan.

Sarea josten ekimenak zabaldutako oharra:

Zergatik josi sarea?

Getxoko hainbat eragilek ekimen hau jarri dugu martxan euskararen alde gabiltzanok, euskaraz lan egiten dugunok eta euskaldunok elkar ezagutzeko eta elkarrekin lan egiteko.

Sarea josten ekimen irekia, herrikoia eta horizontala da. Irekia denez, bertan parte hartu dezakegu euskararen alde lan egiteko prest gauden euskaldun eta euskaltzale guztiok. Herrikoia denez, herriko taldeak, elkarteak, eragileak eta norbanakoak gara protagonistak. Eta horizontala denez, denon artean erabakitzen dugu sarea nola josi.

Zeuk ere gurekin batera sarea josi nahi baduzu, ondo etorri, ateak zabal-zabalik dituzu!

Jostunak

Oso esparru ezberdinetako partaideak gabiltza sarea josten: dantzariak, komunikabideetako langileak, feministak, kirolariak, ikastetxeetako guraso, ume zein irakasleak… Ezberdinak gara baina helburuak batzen gaitu: euskararen alde lan egin.

Orratzak eta haria hartuta, norberak ahal duen eta nahi duen moduan josiko du sarea: erakusketan, irratsaioetan, jardueretan, bazkarian edota egunerokoan.

Zer egingo dugu apirilean?

9tik 25era erakusketa ibiltaria, Getxoko 10 lekutan. 30 eragileren eskutik.
9tik 25era eragileen kuñak entzungai Koska irratian (108.0 fm).
9tik 24ra hainbat jarduera: hitzaldiak, mendi-irteerak, musika emanaldiak, mahai-inguruak, bertso-saioak, bizikleta-ibilbideak, kantu-poteoa, literatur saioak…
24an herri-bazkaria Romoko frontoian.

Informazio guztia: sareajosten.net
Harremanetarako: sareajosten[abildua]gmail.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun