Hatz-aztarnen analisiak baieztatu egin du Barrikako harkaitzetan aurkitu zuten gorpua martxoaren 26an Azkorriko hondartzan desagertu zen 17 urteko mutila dela, Ertzaintzak jakinarazi duenez. Arrantzale batek abisua emanda, polizia autonomikoak hilotz bat aurkitu zuen atzo arratsaldean. Gorpua oso egoera txarrean zegoela-eta, ez zuten hildakoa zein zen identifikatzerik izan. Gaur baieztatu dute, orain bi aste, handik kilometro batzuetara desagertutako gaztearena dela.
M.A. 17 urteko mutila uretan galdu egin zen. Jatorriz marokoarra zen, Peñascal ikasketa zentroko ikaslea. Hondartzan futbolean jolasean zebiltzala, pilota itsasoan galdu eta bi mutil haren bila sartu ziren uretan. Gazte bat onik atera zen itsasotik, baina besteak ezin izan zuen uretatik irten. Antza, ertzainen susmoen arabera, ur laster batek eraman zuen. Argazkian, Ertzaintzaren erreskate helikopteroa lanean aurreko batean / © Herrizaingo Saila.