2005etik hona gertatu bezala, aurten ere
"UK" aldizkariak 60.101 euroko ohiko diru-laguntza jasoko du Getxoko Udaletik. Horrela, seigarren urtea izango da eskualdeko euskarazko hamabostekari bakarrak diru berbera jasotzen duela, inolako igoerarik gabe. Udalak berak jakinarazi duenez, diru-laguntza Udalak Boluntzarreta Euskara Bultzatzeko elkartearekin indarrean duen hirugarren hitzarmenaren barruan kokatzen da. "UK", Uribe Kostako aldizkaria argitaratzeak dakartzan gastuei eta bestelako ekimenak garatzeko kostuei aurre egiten laguntzeko xede dauka 2009-2011 hitzarmen horrek. Aldizkariak 56 orrialde ditu eta iaz 19 zenbaki atera zituen, 4.000 aleko tiradarekin, guztira 76.000 aldizkari. Ale kopurutik 3.250 ale postontzietan banatzen dituzte eta gainontzekoetan euskaltegietan eta komertzioetan uzten dituzte. Gaur egun, "UK" aldizkariak 20.000 bat irakurle ditu eta berriki Interneterako jauzia eman du. Argazkian, "UK"-ko kazetari eta langileak 2008n, aldizkariaren 10. urteurrenean.