Ertzaintzak hiru gizon atxilotu ditu bart Leioan, indarra erabiliz egindako lapurreta delitua egotzita. Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera, zerbitzutik kanpo zegoen agente batek eraikin bateko garajean eta trastelekuetan harrapatu ditu, gauerdi aldera. Horrek susmagarriak atxiki egin ditu, patruila heldu arte. Bertara heltzean, ertzainek susmagarriak (16 eta 17 urteko bi adingabe eta 18 urteko gazte bat) identifikatu egin dituzte. Jarraian, agenteek baieztatu dute garajean aparkatutako auto batek (Seat Cordoba) ateetako bat indarrez zabalduta eta barrualdea nahasita zituela, polizia iturriek diotenez. Gainera, beste ibilgailu baten azpian hainbat gauza aurkitu omen dituzte: betaurreko batzuk (zorro eta guzti) eta diru-zorro bat. Ondoren, Seat Cordobaren jabeak baieztatu du objektuok bereak zirela. Trasteleku batek sarraila indarrez zabalduta eta atea irekita ei zituen. Hori guztia dela eta, ertzainek hiru susmagarriak atxilotu dituzte, indarra erabiliz egindako lapurreta delitua egotzita, eta polizia egoitza batera eraman dituzte.