Sergio Polo Sopelako euskal preso politikoa birritan jipoitu zuen atzo Guardia Zibilak,
Amnistiaren Aldeko Mugimenduak adierazi duenez. Sopeloztarra Curtiseko (Galizia, Espainia) espetxetik ospitalera eraman zuten froga bat egitera. Ospitaletik bueltan Poliziak epaitegira eraman zuen Polo, bertan beste preso arrunt batzuk jasotzeko. Epaitegian, preso arrunt guztiei aurrean jarri zizkien eskuburdinak Guardia Zibilak, Sergiori atzean jarri zizkiotelarik, "a todos por delante menos al mas gilipollas" esanez, errepresioaren kontrako erakundeak zehaztu duenez. Orduan, Guardia Zibila "kolpeka" hasi zitzaion: "ostikadak eta ukabilkadak eman zizkioten, eta ondoren porra luzagarri batekin jo zuten gorputzean eta buruan, Sergio lurrera erori zen arte. Lurrean zegoela Guardia Zibil talde bat etorri eta lurrean berriz jipoitu zuten. Une horretan hainbat espainiar polizia bertan egon arren ez zuten ezer egin", salatu du AAMk. Horren ostean, preso guztiak furgonetara sartu eta espetxera eraman zituzten. Behin espetxean zeudela hasierako Guardia Zibila "probokatzen eta iraintzen" hasi zitzaion espetxezainen aurrean eta, une horretan, "bigarren aldiz jipoitu zuten kolpeka". Azterketa egin ondoren parte mediku sakona osatu du espetxe medikuak. Sergio Polok salaketa jarriko du. Argazkian, Sergio Polo Sopelako euskal preso politikoa / cc Askatu.org.