Bestetik, osagai politikoa ere badago biktima kalifikatzean. Biktima baldin bada, injustizia pairatzen duena, aurretik adostu beharko dugu zer den injustizia, eta onartu boterea injustua den heinean, biktimak sorraraz ditzakeela. Halere, akats larriena ezertxo ere egin ez dutenak eskolara irakaspenak ematera eramatea da. Oinazearen testigantza ez da eraikitzailea. "Vidas ejemplares" irakurrarazten ziguten txikitan, eta gustura irakurtzen genuen. Proiektuak zeuden bertan, ilusioak, asmo zoroak, utopiak. Ekintzaile haien bizitzak ezagututa, gehiago jakiteko gogoa erakusten ziguten, eragozpenak gainditzeko grina.
Biktimok, ordea, zer egin dute? Gazteak baloretan hezi nahi badituzte, eraman ditzatela gatazkaren konponbidean dihardutenak, arazoari aurre egiteko ideiak dituztenak, eta ez gatazkaren ondorio tamalgarriak. Bestela, mezua pasibotasuna da, edo are okerragoa, mendekua.
Laura Mintegi idazle algortarrak atzo "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua.