Astelehenera arte dago Sopelako Esaera Zaharren Txapelketan izena emateko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 9a, 22:19

Sopelako AEK Nikola euskaltegiak antolatuta, bihar zortzi, apirilaren 17an, jokatuko da Sopelako Esaera Zaharren Txapelketako XVII. edizioa. Dagoeneko dozenaka dira inguruetako euskaltegietan trebatzen dabiltzan ikasleak. Lehiaketaren osagaiei dagokienez, "Diru asko mingainez, poltsan bat ez" da aurtengo txapelketako leloa, krisi garai honetarako ezin aproposagoa. Baina txapelketan banatuko diren sariak apartak dira: asteburua landetxe batean irabazleentzako, eta afaria bigarren, hirugarren eta laugarren geratuko diren taldeentzako. Gainera, beti bezala, partaide guztientzako oroigarriak egongo dira. Finalean kantatuko duten bertsolariak Miren Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikano izango dira. Aurretik, ohikoa denez, litekeena da kanporaketan ALBEko bertsolariak aritzea. Eta ohiturei jarraituz, finala Ander Deuna ikastolan jokatuko da. Izena emateko, aurtengo 100 esaera zaharren zerrenda (doc) eta horien azalpenak (doc) eskatzeko, eta argibide gehiagorako 618 574 445 telefono zenbakira deitu edo honako posta elektronikoetara idatzi daiteke: jose-p[abildua]aek.org eta aitor-f[abildua]aek.org. Inskripzioa 12 eurokoa da eta bazkarirako txartela 18 eurokoa pertsonako. Izena emateko epea apirilaren 12an bukatuko da. Argazkian, Puma Zein Kondor, iazko irabazleak. Iazko argazki gehiago hemen ikus daiteke.

Esaera Zaharren Txapelketa urtero-urtero egiten den egun osoko ospakizuna da, atsotitzak, bertsoak eta jaia ezin hobeto uztartzen dituena. Txapelketak bi saio ditu: eguerdian kanporaketak herrian zehar eta arratsaldean finalak Ander Deuna ikastolan. Taldeka egiten da (2-4 kide, 16 urtetik gorakoak) eta bertsolariek botatzen dituzten bertsoak aurretik banatzen den zerrendako 100 esaeretatik zeini dagokion asmatzean datza. Honetaz guztionetaz hitz egiteko, antolatzaileetariko bat den Aitor Fernandez de Martikorenari elkarrizketa (mp3) egin zioten iaz Koska irratiko lagunek.

Iaz sopeloztarrak garaile

Bertsoak eta atsotitzak uztartuz, iaz 18 taldek parte hartu zuten Gotzon Garate zena omendu zuen probaren 16. edizioan, "Jakinek ez deko kalterik" esaera zaharra lelotzat hartuta, 200 bat ikusleren aurrean. Lehiaketan, Puma Zein Kondor talde sopeloztarra nagusitu zen. Horrela, Badok 13 Berango eta Bilboko taldearen enegarren garaipena ekidin zuten etxekoek, estilo propioa erakutsiz. Errege berri lege berri, alegia. Finalaurrekoan, Zorrotzako Oskarbi eta Itzubaltzeta / Romo, Astrabudua eta Portugaleteko Berdin Dost taldeak berdinduta gelditu ziren 3. postuan. Bosgarren sailkapena tokiko beste talde batek hartu zuen: Are Kokoloagoak. Finalaurrekoa eta finalean Jone Uria Albizurik eta Aitor Mendiluzek botatako bertsoak zein lehiakideen erantzunak hemen entzun daitezke (mp3). Berriz, Euskadi Irratiko "Amarauna" saioak esaera zaharrei buruz egindako programa hemen dago entzungai (mp3). Bertan, Aritz Urrutikoetxea eta Aritz Barandiaran Puma Zein Kondor talde irabazlearen kideak, Aitor Mendiluze finaleko bertsolaria, Adolfo Arejita eta Andoni Egaña solasean aritu ziren.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun