Baina amaitu da, oraingoz, brigada mobilak gurekin "aikidoa" praktikatu aurretik gure bertsoei barre egiten zien sasoia. Suhiltzaile gazteek rotaflexaren orriak, gure protestak denbora irabaz zezan, banan-banan frogatu eta alkateak gazteok herritik kanpora bizitzera joan behar genuela buruan sartzeko esaten zigun garaia.
Asteon Txorimalo gaztetxeak lau urte bete ditu. Hunkigarria gaztetxeetan hilabeteurrenak ospatzera ohituta geunden belaunaldiarentzat.
Botereak beldurra dio gazteari, usteldu gabeko gizakiari. Horregatik dabiltza beti hedabideak euren aurka berbaz. Baina ez eduki dudarik, sekula izan dugun gazteriarik onena dugu. Gure herriko gaztetxean lanean dabiltzan gazteak ezagutzeak ilusioz betetzen nau. Nire konplexuen erruz beti kostatu zaidan arren nor den jakin bai baina tratu handirik ez dudanengana hurbiltzea.
Asanbladan lan egiten ikasteak oso militante eraginkorrak sortu ditu. Erabakiak konbentzimenduaren bidez hartzera ohitu dira, eta hori beste mundu bat da. Konprometituak baina umilak, heroikotasuna konstantzia dela ulertzen dutenak, sistemak sortzen digun inpotentziari era sortzailean erantzun, ezberdinean etsairik bilatu ez eta marra igarotzen duenaren aurrean tinkotasunez erantzuten dakitenak.
Jaiotzea jaia da, eta jai guztietan jaiotzen gara berriz. Zorionak, Txorimalo! Distira duen oro lapurtzen duten miken aurkako babesle.
Fredi Paya bertsolari algortarrak pasa den ostiralean "Berria" egunkarian argitaratutako artikulua.