Espainiako Auzitegi Nazionalak absolbitu egin ditu "Egunkaria" auzian epaitutako bost lagunak,
Europa Press albiste agentzia espainolak zabaldu duenez. Xabier Oleaga Erandioko semea, Martxelo Otamendi, Iñaki Uria, Txema Auzmendi eta Joan Mari Torrealdai errugabetzat jo ditu, nahiz eta akusazioek errekurtsoa jar dezaketen orain.
Epaian (pdf) Gomez Bermudez magistratuak Konstituzioaren aurkakotzat jotzen du egunkariaren itxiera eta tortura salaketak sinesgarri egiten zaizkio. Oraingoz, libre dira, "Euskaldunon Egunkaria"-ren itxierarekin hasi zen zazpi urteko prozesu judizialaren ostean. Bostak epaitu zituen Auzitegi Nazionalak, abenduan hasi eta otsailaren 1ean amaituta. Fiskalak nahiz defentsak absoluzioa eskatu zuten auzipetuentzat, "Egunkaria"k ETArekin loturarik izan ez zuela-eta, eta Dignidad y Justicia eta AVT elkarteek, berriz, 12 eta 14 urte arteko espetxe zigorrak. Argazkian, Xabier Oleaga erandioztarra
abenduaren 19ko nazio manifestazioan.