Fusio jai erakargarri batekin areagotu egingo du gazteentzako ekitaldi eskaintza, hilabete honetan,
Berangoko Udalak. Hitzordua larunbat honetan (hilak 17) izango da, eguerdiko 12etatik aurrera, Santa Anako kultur etxean. 18 eta 35 urte arteko lagunek izango dute parte hartzeko aukera, ekimenaren helburua bikoitza dela: batetik, antolatutako jaiaz gozatzea. Eta bestetik, Udalak antolatutako tailerretako ikasleek emandako aurrera-pausuak ezagutzera ematea. Izan ere, txalaparta zein perkusioa ikasten aritutako lagunek berotuko dute giroa. “Fussion” mokadurik ere ez da faltako, taloa eta kuskus-a izango direla. Musika eta dantzaz lagundurik, atera zabalean une gozoa igarotzea da asmoa. Hain zuzen ere, perkusio ikastaroek izandako harrera ona dela eta, maiatzaren 25era arte egongo da horietan aritzeko aukera. "Ikasleek oso ondo hartu dute ekimena. Hori dela eta, denboran luzatzeaz gain, parte-hartzaile kopurua handitu ere erabaki dugu", azaldu dute tokiko arduradunek. Kultur etxeetako batean eska daiteke informazioa. Jakitea, 18 eta 25 urte arteko lagunei zuzenduta daudela ikastaroak; eta eskolak Santa Anako kultur etxean ematen direla, 20:00etatik 21:30era. Argazkian, hainbat lagun perkusio tresnak jotzen / cc-by
Egizu Getxo Euskaldun!