“Oso garrantzitsua da ondarea, kasu honetan hizkuntza ondarea, berreskuratzea, zaharberritzea eta zabaltzea, alde batetik, gure historia ez ahazteko eta etorkizuneko belaunaldiek ezagutzea ahalbidetzeko; eta bestetik, udalerriko bizilagun bati errekonozimendua emateko, hizkuntzarako oso zaila zen unean euskararen alde lan egin zuelako eta horrekin altxor handia utzi digulako”, adierazi du Koldo Iturbe Euskara zinegotzi getxoztarrak. Dokumentalen aukeraketa bat ikusi ahal izango da apirilaren 23an, ostiralean, 19:30ean, Areetako Andres Isasi Musika Eskolan. Bertan, Imanol Landa Getxoko Alkateak Aixerrota oroigarria eman nahi dio Gotzon Elortzari, omenaldia eskaini eta egindako lana eskertzeko.
Gotzon Elortza
Gotzon Elortza, 86 urtekoa, Getxon bizi da 1968an Parisetik itzuli zenetik. Berak kontatzen duenez, 60ko hamarkadan “Le monde” egunkaria irakurtzen zuen eta horrek askotan zioen ikus-entzunezko laguntzarik ez zuen hizkuntza hilda zegoela epe laburrera. Euskarak laguntzarik ez zuenez, grabazioak egitera etortzen hasi zen, bere atzerapenari aurre egiten laguntzeko. Parisetik ezkutuan emaztearekin 4x4 batean etortzen zen. Irudiak grabatu eta Parisa berriro alde egin, hurrengo egunean lanera joateko. “Dokumentalak oso inozenteak dira, errepresio handia zegoelako. Nire lana lan psikologikoa izan zen, konturatu nintzelako pertsona bat, bi edo ehun pantaila eder batean, musika eta euskara entzuten irudi polita zela eta horrek distira itzela zuela”, azaldu du Elortzak berak. Bere lanetan, Algortako Portu Zaharra, Ereaga, Arrigunaga, Gorliz, Barrika, Bermeo, Gernika, Enbeitatarrak, Jon Lopategi, Victor Olaeta eta abar agertzen dira. Egun askoko lana izan zen: “oso gogorra izan zen, inolako laguntasunik gabe -behin 25.000 pezeta eman zizkiguten bakarrik-. Parisen emaztea eta biok, gerrikoa estutu eta gure gela bakarreko etxean moldatzen (musika eta offean narrazioa sartu) genituen”, zehaztu du zinegileak. Elortza pozik dago bere lanaren errekonozimenduarekin, baina, dioenez, “duela 50 urteko gauzak dira… Dokumentalak ordurako garrantzitsuak ziren, baina gutxi batzuek baloratu dituzte“.
Balio handiko dokumentalak
Jon Lopez Euskal Zinematekako teknikariaren arabera, "hizkuntza eta etnografia balio eta kalitate handiko dokumentalak dira Elortzak egindakoak; garrantzi handia dute euskaraz pentsatuta eta eginda dauden lehenengoak direlako". Zaharberritze prozesua artisau-lana da, ordenagailuz egin arren. Ordenagailuak fotogramaz fotograma kentzen ditu marrak eta akatsak, baita jatorrizko koloreak berreskuratu ere. Oso lan luzea eta neketsua da baina merezi du, etorkizuneko belaunaldiek dokumentalak ikusi ahal ditzaten. “Elortzak errekonozimendua merezi du zine arlotik lan bikaina egin zuelako eta euskararekiko maitasuna ere erakutsi duelako”, nabarmendu du Lopezek.
Prentsaurrekoko audio guztiak eskuin zutabeko Podcast-ean dauzkazue entzungai.