Apirilaren 25ean esker ekitaldi handia izango da Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 13a, 18:42

"Egunkaria" auziaren baitan atzo errugabe jo zituzten bost lagunek gaur iragarri dutenez, ekitaldia antolatu dute apirilaren 25erako, 11:30etatik aurrera, Bilboko Euskalduna Jauregian, "Euskaldun Egunkaria" itxi zutenetik atzo arteko zazpi urteko prozesuan babesa eman dietenei eskerrak emateko. Joan Mari Torrealdaik, Iñaki Uriak, Txema Auzmendik, Martxelo Otamendik eta Xabier Oleaga Erandioko semeak azpimarratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalak atzo emandako absoluzio epaia "oso garrantzitsua" dela, eta oso pozik agertu dira, Berria.info agerkariak zabaldu duenez. Martin Ugalde Kultur Parkean egin duten "gaurko agerraldira gure abokatuak ez dira etorri, epaia sakonago aztertu nahi dutelako eta hurrena emango dituzte azalpenak, baina esan digute aipatzeko sententzia oso garrantzitsua dela", adierazi du Oleagak auzipetuen izenean, Torrealdaik adierazpena irakurri ondotik. Argazkian, Egunkariaren alde Algortan egindako elkarretaratzea.

Oraindik ez dute erabaki kalte-ordainak eskatu edo ez. Abokatuak epaia zehatz-mehatz aztertu beharko du aurrenik, auzipetuek jakinarazi dutenez, "baina gaiaren azterketa lehentasunen artean daukate". Hala ere, Dignidad y Justicia eta AVT herri akusazioen helegitearen aukera hor dela ohartarazi du Torrealdaik, eta zuhurtzia eduki behar dela. "Kaltea eginda dago, atzerabiderik gabe. Gehienez ere injustiziaren gurpila gelditu egin da, behin-behinean". Eskerrak eman dizkiote euskal gizarteari, Guardia Zibilak 2003ko otsailaren 20an Egunkaria itxi zuenetik emandako babesagatik.

Auzi ekonomikoa

Auzi ekonomikoa zabalik du Auzitegi Nazionalak eta zortzi lagun epaiketaren zain daude. Iruzur ekonomikoa egin izana egozten diete, baina baita "erakunde terroristarekin" lotura edukitzea ere. Atzoko epaiarekin azkeneko puntu horrek ez du heldulekurik eta, hala, abokatuek egunotan eskatuko diote Auzitegi Nazionalari uko egiteko epaiketa egiteko eskumenari eta kasua Gipuzkoako Auzitegira pasatzeko. "Ez ahaztu: pieza ekonomiko honetan daude, paradoxikoa badirudi ere, kartzela zigor eskaririk gogorrenak. Auzi ekonomikoan gauden lagun batzuentzat 26na urte eta 33na milioi euroko zigorra eskatzera iristen da Dignidad y Justicia elkartea. Beraz, ezin da oraindik defentsa jaitsi. Erne mantendu beharra daukagu. Erne mantentzeko eskatzen diogu gurekin beti hain eskuzabal eta elkartasun baldintzagabean azaldu den euskal jendarteari", adierazi du Torrealdaik.

Berria TB-ek ordu eta erdiko zuzeneko saioa egin du:

Watch live streaming video from berria at livestream.com
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun