2008an irabazlea, Josu Martinezek burututako “Itsasoaren alaba” dokumentala izan zen. Lan horren protagonista Haize Goikoetxea Ugarte da. Ipar Euskal Herrian jaio zen eta errefuxiatu bikote baten bigarren alaba da. Urte bi bete gabe zituela, GALek Mikel Goikoetxea, “Txapela”, hil zuen: bere aita. Dokumentalean Haizek bere aita ezagutu zuten lagun, senitarte eta kideak elkarrizketatzen ditu. Euskal Herri osoan izugarrizko arrakasta izan duen dokumentala, baita atzerrian ere. 50 emanaldi baino gehiago, 3.500 pertsonatik gora parte hartu dutelarik. Madril, Andaluzia, Italia (Erroma, Venezia, Florentzia, Bergamo, Napoles,…), Alemania, Danimarka, Suitza, Eslovenia, Irlanda, Estonia,…hainbat eta hainbat lekutara heldu zen Gite-Ipes, “Itsasoaren alaba”ren eskutik.
Etorkinak eta integrazioa
2009an berriz, Euskal Herriko migrazio mugimenduetara hurbildu, eta etorkinak nola bilatzen eta lortzen duen integrazioa aztertu nahi izan da “Etorkinak eta integrazioa. 50-80ko hamarkadetako etorkinen integrazio moduak Hego Euskal Herrian” ikerlanaren bitartez. Julen Zabalok zuzendutako taldeak aurreko immigrazio mugimendua gogoratu nahi izan du ikerlan honetan, oraingoaz gogoeta egiteko, lehengo esperientziatik zerbait ikas daiteke eta.
Esperientzia hori abiapuntu hartuta, etorkinen integrazioak urtetan sortu duen eztabaidan sakondu nahi izan da. Eztabaida hori politizaturik egon da Hego Euskal Herrian ari diren nazionalismo bien proiektuen talkagatik, eta horrek integrazioa termino politikotan bakarrik ulertzera eraman du.
Garai hartako etorkinen integrazio moduez hitz egiteko, orduko egoeraren protagonistengana jo da, eta Hego Euskal Herriko herrialde guztietan zehar etorkinekin eztabaida taldeak antolatu dira, Altsasun, Barakaldon, Bastidan, Bergaran, Berriatuan, Gasteizen, Iruñean, eta Pasaian, hain zuzen ere.
"Dudarik gabe ondorio interesgarri eta esanguratsuak atera ditugu ikerketa lan honetatik, gaurkotasunez beteak. Izan ere, gaur egun, immigrazio mugimendu berriak bizitzen ari gara Euskal Herrian. Gite-Ipesen aburuz, gaurko errealitateari erantzuteko atzoko esperientzia ezagutzea baliagarria izan daiteke; gure historia hurbilaz ikastea", azaldu dute antolatzaileek.
Julio Araluze
Besteak beste, Getxo Biziaren sorrera unetik, ezker abertzaleko herri plataforma horrekiko atxikimendu aktibo eta militantea agertu zuen Julio Araluze "Julito" Filosofia irakasle eta Gite-Ipes-eko kideak. 2005eko abenduaren 17an hil zen, egun luzeak ospitalean eman ondoren. "Ikus daiteken moduan, egitasmo oso ezberdinak martxan jartzeko erabili dugu beka hau. Izan ere, Julio Araluze Bekarekin Euskal Herriaren errealitate politiko, sozial edota kulturala aztertu eta azalarazi nahi dugu; lan hau hainbat ikuspegitik egin daitekeelarik. Beraz, garrantzitsuena herri txiki honek eta bere historiak erakusteko dauka arakatzea izango da", azaldu dute Gite-Ipes-ekoek.