Guardia Zibilak Arantza Zulueta, Naia Zuriarrain, Erramun Landa, Iker Sarriegi, Jon Enparantza, Saioa Agirre eta Jose Luis Gallastegi atxilotu ditu gaur Bilbon, Hernanin, Sopelan eta Gernikan. Agirreren atxiloketa Zipiriñe ikastetxe sopeloztarrean gertatu da. Hezkuntza zentroko arduradunek UKBERRI.NETi adierazi diotenez, 12:50 aldera izanda hori. Zornotzako lagunaz galdezka agertu dira poliziak hezkuntza zentroan, eskola ematen zegoela. Hala ere, bere lankideen arabera, ez dira ikasgelan sartu, hainbat hedabidek dioten bezala. Atxilotzeko agindua eskatuta erakutsi egin diete eta, gainontzeko irakasleen aurrean zegoela behintzat, "tratu ona" eman diote Agirreri guardia zibilek. Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak agindu du operazioa egitea. ETAren mezulari izatea, etakideen ihesak kudeatzea, etakide berriak lortzea eta erakunde armatuaren "iraultza zerga"-ren ordainketetan parte hartzea egozten die. Auzitegiko iturrien arabera, epaileak Iñaki Lopez Peña "Thierry" ETAko ustezko buruzagiari 2008ko maiatzean atzemandako dokumentuak erabili ditu oinarri gisa. Argazkian, Saioa Agirre / ©
Sopela.net.