Terrazan euskarazko zerbitzua ez du bermatuko Getxoko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 14a, 18:47

"Getxoko Udalak ez du udal eraikina den Terraza ostatuan euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatuko". Horren argi laburbildu ditu Terrazan euskaraz ekimenak taberna hori esleitzeko asmoz Getxoko Udalak kaleratutako oinarriak. Izan ere, Ereagako "udal taberna ustiatzeko baldintzetan zerbitzariek euskaraz jakitea ez da derrigorrezkoa" eta euskara balorazio irizpide gisa baino ez du jotzen Udalak. Aitorren hizkuntzak eta beste hiru atalek batera 100 puntutik 7 ematen dute. Horregatik, ekimen euskaltzaleak balorazio osoaren %1,75 baino ez duela balio dio: "hitz bakar batean: lotsagarria". Bi hitzetan ere salatu dute euskarari emandako garrantzia: "hutsaren hurrengoa". Egoera aztertzeko eta hemendik aurrerako mugimenduak erabakitzeko batzar irekia deitu dute gaur Algortan. Hitzordua Aldai Patronatuan egingo dute, 20:30ean, Paul Bilbao Behatokiko zuzendariak emango duen "Hizkuntza eskubideak" izeneko hitzaldiaren ostean.

Bestalde, Getxoko Udalak idatzizko elementuak derrigorrez elebidunak izateko jarritako baldintza zalantzaz beterik ikusten dute, hainbat idazki horren kanpo gelditu daitezkeelakoan.

Azkenik, Terrazan Euskaraz taldeak Udal Gobernuaren jarrera ez ezik PPrena ere kritikatu dute, publikoki hainbat bider Terrazan euskara eskatzearen aurka agertu baita.

Ekimena 47 euskaltzalek osatzen dute eta pasa den otsailaren 18an Algortako La Terraza taberna publikoak euskarazko arreta eskaintzeko eskaera egin zioten Joseba Arregi Getxoko Udaleko Hirigintza zinegotziari. Jakinarazi dutenez, birritan hitzordua eskatu zioten eta apirilaren 6ra arte, esleipena Bizkaiko Agiri Ofizialean kaleratu zen egunean, ez zuten Hirigintzatik inolako erantzunik jaso.

Euskararen inguruan Terraza udal ostatuaren esleipenetan agertzen diren puntuak:

• Saltokiko barnealdean eta kanpoaldean jarri daitezkeen errotuluak edota inskripzioak, modu elebidunean (euskara-gaztelania) jarriko dira, euskarari lehentasuna emanez eta mezu ulerkor baten bitartez.

• Pertsonala: 7 puntu. Puntu honetan kontuan hartuko da: Proposatutako pertsonalaren euskara gaitasuna, aurkeztutako dokumentazioarekin egiaztatuta; Lokalaren zerbitzura den pertsonalaren jantziak, horien diseinua, estetika, kalitatea eta funtzionaltasuna zehaztuta; Publikoa Europar Batasuneko bestelako hizkuntzetan artatzeko gaitasuna; Udalerriko eskaintza kulturalari buruzko informazioan eta horren hedapenean lankidetzan aritzea.

"Terrazan euskaraz" manifestu osoa:

Terrazan, euskaraz

Getxoko Udala Ereaga hondartzako Terraza izeneko taberna publikoa esleitzeko baldintzak prestatzen ari da, testu hau sinatu dugunok berriki jakin izan dugunez.

Hori dela eta, bertoko eta berezko hizkuntzan jarduten dugun komunitate euskalduneko kideok hainbat kontu gogoratu beharra dugu:

• Hasteko, oraindik orain, XXI. mendean, Getxo udalerriko hainbat gune publiko zein pribatutan euskaraz normaltasunez arreta jasotzeko eskubidea ez da betetzen.

• Aurrekoa konpontze aldera, Getxoko Udalak bere “Euskara Biziberritzeko Getxoko II. Plan Nagusia”ren 2008ko otsailaren zirriborroan (planaren azkeneko testua argitaratu bada ez gara topatzeko gai izan), “Administrazioa” atalean “zerbitzu publikoen kudeaketarako kontratuetan” eta “zerbitzuen kontratuetan” hizkuntza irizpideak ezartzea finkatu zuen. Gainera, “herritarrekin harrera euskaraz izatea bermatu, telefonoz zein aurrez aurre eta ahozko kanpo-harremanetan euskararen erabilera bermatzeko bideak jarri (herritarrekin harreman zuzena duten lanpostuetako langileen artean bereziki)” aurreikusi zuen.

• Plan berean, “Lan mundua” atalean, “Lan munduan euskararen erabilera areagotzeko, sektore hauetan egin indarrik handiena: merkataritza-ganbarak, ostalariak, tabernariak, enpresari txikiak eta enpresari- elkarteak, elkargoak eta sindikatuak” proposatu zion bere buruari Getxoko Udalak:

• Bestalde, euskaldunon hizkuntz eskubideen artean daude Euskal Herriko saltoki eta enpresetan harremanetarako euskara erabiltzea eta zerbitzu egokia jasotzea. Adibidez, horrela jasotzen du Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako 2003an onarturiko Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Estatutuaren 37. artikulua.

• Terraza tabernari dagokionez, orain arte esleipenaz gozatzen zuen tabernaria jubilatu egin da eta oraindik orain taberna kudeatuko duen inor ez dago.

Aurrekoak kontuan hartuta, honakoak eskatzen dizkiogu Getxoko Udalari:

• Terraza taberna publikoa esleitzeko baldintzen artean, zerbitzari guztiak bezeroei euskaraz arreta egiteko kapazak izan daitezen exijitu dezan.
• Terraza tabernako errotulazioa eta idatzizko elementu guztiak, gutxienez euskaraz izatea eska dezan.
• Horrelako baldintzak hemendik aurrerako esleipen publiko guztietan aplikatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun