Aitor Bores Gutierrez Sopelako euskal preso politikoa Zuerako (Zaragoza, Espainia) espetxetik Langraizera eraman dute, Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak
Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez.
2009ko udan aldatu zuten kartzela zaragozarrera, Murtziatik aterata. 43 urteko sopeloztarra 1998ko martxoaren 19an atxilotu zuen Guardia Zibilak. Espainiako Auzitegi Nazionalak 25 urteko espetxe zigorra ezarri zion Araba komandoa osatu (1996an) eta Arakako kuartelaren kontrako atentatua (1997ko maiatzaren 17an) egitea egotzita. Bestalde, Albocassereko (Castello, Herrialde Katalanak) espetxeko euskal preso politikoek tratu txarrak salatu dituzte
"Gara" egunkarira bidalitako gutun batean. Sinatzaileen artean dira Jagoba Terrones eta Patxi Markes berangoztarrak. Argazkian, Aitor Boresen irudia ezkerrean, gatibu sopeloztarra ere den Urko Labeagaren argazkiaren alboan / cc-by-sa Gari Garaialde - Zuzeu.com.