Terrorismoaren Biktimen Partaidetzarako Euskal Kontseiluko kideetako bat izango da Joseba Markaida Berangoko PSE-EEren zinegotzia, Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez. Azkorriko bizilaguna Zaituko (ETAk Eragindako Jazarpen, Mehatxu eta Erbesteen Biktimen Aldeko Elkartea) presidente gisa izango da bertan. Gainontzeko kideei dagokienez, Administrazio Publikoen aldetik, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak, Maixabel Lasa Terrorismoaren Biktimei Laguntzeko zuzendariak, Txema Urkijo aipatu zuzendaritzako aholkulari laguntzaileak osatuko dute batzordea. Horiekin batera, Eudelen ordezkariak izango dira Tontxu Rodriguez eta Ricardo Ituarte, Barakaldo eta Santurtziko alkateak, hurrenez hurren. EAEn egoitza edo ordezkaritza duten terrorismoaren biktimen elkarteen aldetik, Markaidaz gain, Coviteko Cristina Cuestak eta ACFSEVTko Javier Correak parte hartuko dute kontseiluan. Isabel Urkijok (Bakearen Aldeko Koordinakundea), berriz, bakearen aldeko elkarteak ordezkatuko ditu. Argazkian, Joseba Markaida.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!