Jardunaldien helburua lankidetza eta ingurumenari buruzko heziketa berezitua eskaintzea da, gobernuz kanpoko erakunde desberdin batzuen esperientzien bidez, hurbilketa teorikoa eta praktikoa eginez. Getxoko Udalak iazko deialdian Unesco Etxeari emandako 9.293 euroko diru-laguntzaren fruitua dira. Imanol Landa alkateak, gaur, jardunaldien aurkezpenean nabarmendu duenez, Getxoko Udalak "apustu argia" egiten du Lankidetzako Garapenaren alde, "bai aurrekontuetan, bai horren inguruko sentsibilizazioa udalerrian zabaltzeko". Ildo horretan, alkatearen ustez (mp3), “lankidetzako politika positiboa egin ahal izateko ezinbestekoa da inguruneko irizpideak eta iraunkortasuna lankidetzari lotzea. Horregatik, oso interesgarritzat jotzen dugu Unesco Etxeak gai horiek lantzeko egindako proposamena”.
Hitzaldiak
Hitzaldien bitartez, hainbat kontzeptu jorratuko dituzte, tartean, iraunkortasuna eta giza garapena, mundu mailako ingurumen-erronkak, erantzukizun soziala korporatiboa eta iraunkortasunerako teknologiak. Asteleheneko gaia "Ingurumenaren eta garapenerako nazioarteko lankidetzaren hastapenak" izango da; asteartekoa, "Ura eta garapena"; asteazkenekoa, "Ingurumena, erantzukizun sozial korporatiboa eta generoa"; eta ostegunekoa, "Aldaketa klimatikoa, garapenerako mehatxu". Mikel Mancisidor Unesco Etxea GKEaren zuzendariak nabarmendu duenez, "datozen urteei begirako aukera" bat izan behar da aldaketa klimatikoa; “egokitzapenera eta murriztera zuzenduko diren baliabideak garapenerako aukera izan behar direlako, bai Hegoaldeko herrialdeetan, bai Iparraldekoetan“.