Batasuneko Mahai Nazionaleko beratzi kide aske utziko dituzte aurki, baldintzapean, Berria.info eta Gara.net agerkari digitalek zabaldu dutenez. Horietatik, Juan Joxe Petrikorena, Arantza Santesteban, Jon Garai, Mikel Zubimendi, Aner Petralanda, Ibon Arbulu, Hasier Arraiz eta Marisa Alejandro 2007ko urriaren 4an atxilotu zituen Espainiako Poliziak, Seguran. Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak berak aginduta, 2007ko abenduaren 18an atxilotu zuten
Marije Fullaondo algortarra, Errigoitiko bere etxerako bidean. Egun, Castellon (Herrialde Katalanak) preso daukate. 50.000 euroko bermea ordaindu beharko dute bederatziek. Bihar aterako du autoa Auzitegi Nazionalak. Baliteke auzitegiak debeku batzuk jartzea denei, libre utzi dituzten Batasuneko beste kide batzuei bezala. Martxoaren 26an, kasu, Joseba Permach, Joseba Alvarez eta Juan Cruz Aldasoro atera zituzten kartzelatik baina, bakoitzari 50.000 euroko bermea jartzeaz gain, Espainiako Estatuko mugak igarotzeko debekua ezarri diete, pasaporteak kendu dizkiete, astero epaitegian sinatzeko baldintza jarri diete, auzitegiek hala eskatutakoan aurkeztekoa, etxebizitzaz ez aldatzekoa eta politikan ez aritzekoa.