Guardia Zibilaren esku, inkomunikatuta, jarraitzen dute atzo atxilotutako hamar herritarrek. Euren egoerari dagokionez, Erramun Landa eta Saioa Agirre Basurtuko erietxera eraman behar izan dituzte: aurrena, Leioa eta Erandioko campusean Arte Ederretako Pintura Saileko irakaslea, 0:18an; eta bigarrena, Sopelako Zipiriñe ikastetxeko irakasle zornotzarra, 3:18an. Landak gaixotasun larria dauka, diabetea hainbat iturriren arabera. Atzo haren sendiak habeas corpus eskaera egin zuen Bilboko Auzitegian, atxilotua ahal den azkarren eraman dezaten epailearen aurrera. Basurtun alta eman diotela aipatu du bere anaia Karmelo Landak. EHUko Arte Ederretako dekanoak eta Erramunen senide, lankide eta lagunek agerraldia egin dute hedabideen aurrean, fakultatean bertan, eta elkartasuna agertu diote. Haren anaia Karmelo Espainiako Estatuaren "totalitarismo faxista" salatu du. Eguerdian ere prentsaurrekoa ematen ari zen Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Gobernuko Barne ministroari erantzunez, familiak azaldu du Erramun Landa ez dela etakidea; "euskalduna, margolari ona eta irakasle ona baino ez da". Argazkian, dozenaka ikasle, senide, lankide eta lagunek erakutsi diote elkartasuna Erramun Landari eta gainontzeko atxilotuei, prentsaurrekoan zein ondorengo elkarretaratzean. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!