Atzo, asteazkena, goizaldean, hainbat ezezagunek Leioako Estartetxe kaleko sei zabor-edukiontzi erre zituzten, inguruan aparkatuta zeuden hiru ibilgailuri kalteak eraginez, Eusko Jaurlaritzaren
Herrizaingo Sailak zabaldutakoaren arabera. Ondorioz, suhiltzaileak bertaratu behar izan ziren sua amatatzera. Gaur gauean ere, Independentzia kaleko edukiontzi bat erretzen saiatu dira, polizia iturriek diotenez. Baina horrek ez du surik hartu eta ez du kalte handirik eragin. Horrezkero, Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du ekintza horiek eragin dituzten ezezagunak aurkitzeko. Herrizaingo Sailaren arabera, "era horretako gertakariak ugaritu egin dira azken aldian Leioako udalerrian". Hori dela eta, gertaera hauen inguruko ikerketa osatzeko, ekintza horien lekuko izan diren edota gertakarien inguruko daturen bat eman dezaketen pertsonen lankidetza eskatu du Ertzaintzak. Horretarako, Erandioko ertzain-etxearekin harremanetan jar daitezke 946 079 076 telefono zenbakira deituz. Argazkian, abenduaren 6an auto eta edukiontzi ugari erre zituzten ezezagunek Leioan / ©
Leioa.net.