Imanol Landa alkateak gogora ekarri du Agirre-Zabala familia 1916an heldu zela Getxora: “Beraz, Agirretar Jose Antonio 12 urte zituenetik hazi zen gure udalerriaren inguru zoragarri honetan, non bere zaletasunak bete izan zituen, laguna eta emaztea topatu zuen, eta 1936an erbestera joan arte, bizileku izan zuen. Futbola, musika eta kantatzeko zaletasunak landu zituen, Biotz Alai abesbatza hasikina baino ez zenean, eta arraunean ere egin zuen gure Abrako uretan. Halaber, bere emaztearekin, Mari Zabala areetar peto-petoarekin zituen tirabirekin eta Athletic eta Arenas taldeen arteko lehia klasikoaz gozatu egiten zuen, finean, gaurko Getxoko errealitatearekin neurri handi batean partekatu eta komunak diren elementuak direla horiek guztiak”.
Agirrek Euskal Herriko historiarentzat izan duen garrantziaz, berriz, “adostasunaren eta akordioaren aldeko politikoa izan zen, bere jeltzale uste sendo sakonetatik ezberdinen artean izendatzaile komuna aurkitu ahal izan zuena, guztien artean, sozialistek, komunistek, abertzaleek eta errepublikanoek osatuta zegoela, bere azken egunera arte zuzendu zuen kontzentrazio gobernutik totalitarismoari aurre egiteko. Muturreko baldintza historikoetatik eta pentsaera ezberdinetatik Euskadiren alde, bizitza eta guzti, den dena eman zuten andrazkoen eta gizonezkoen belaunaldi baten ordezkaririk handiena izan zen”, Landak adierazi duenez.
Pertsona esanguratsua
Joseba Agirrek, lehendakariaren semeak, bere aldetik eskerrak eman ditu omenaldiarengatik eta, aitak izan zuen "bizitza tinkoaren" pasadizo batzuk gogora ekarri ondoren, baloreei garrantzi handia ematen zien gizona zela azpimarratu du. “Eta, guztien artean, garrantzitsuenak, oinarrizkoak: familia eta euskara”, gaineratu duenez. Juan Jose Ibarretxek esan duenez, “Agirre lehendakari handi bat izan zen, pertsona esanguratsua, euskal herriaren eskubide historikoetan sinesten zuena, euskal foruetan sinesten zuena, oraindik ere Euskal Herriaren benetako konstituzioa direla”. Azkenik, Luis Almansa Getxoko PSE-EEren ordezkariak Agirre lehendakariaren "proiekzio historikoa" azpimarratu nahi izan du; “askatasunean eta demokrazian oinarrituta, bere garaiko beste pertsonaiek bezala, Euskadiren, Espainiaren eta mundu osoaren askatasunaren eta demokraziaren alde lan egin zuena”.