Gaztetxe Eguna ospatuko dute arratsaldean Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 16a, 15:53

Uribe Kosta eta Erandioko gaztetxe eta gazte asanbladek Gaztetxe Egun Txikia burutuko dute gaur iluntzean Leioako Udondo gaztetxean. Arratsaldeko 7etatik aurrera, maiatzaren 22an Altsasun burutuko den nazio Gaztetxe Egunaren berri eman eta eskualdeko gazteriaren egoera zabalduko dute bideo emanaldi baten bidez. Ondoren, kontzertua eta jaia izango da, Itzubaltzeta / Romoko Ovariosvarios eta Atadxs a Nada zein Sopelako Ostias Estilo Pueblo taldeen eskutik. Hain zuzen ere, talde sopeloztarraren agur kontzertua izango da gaurkoa. Uribe Kostako gazte asanblada eta gaztetxeen koordinadorak jakinarazi duenez, gaurko jaialdiak "Uribe Kostan autogestioa posiblea dela eta gazte indarrez sistema zirikatu eta gaztetxeak bezalako alternatiba errealak eraiki daitezkeela frogatzea eta egiteko ilusioa piztea" ditu xedetzat. Argazkian, 2006ko Gaztetxe Martxa Leioan.

Euskal Herriko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen koordinadoraren oharra:

Euskal Herriko Gaztetxeen eta Gazte Asanbladen koordinadorak Gaztetxe Egunerako, maiatzaren 22rako, egun osoko egitaraua prestatu du, sistema zirikatu eta gaztetxeak bultzatu asmoz.

Azken hilabeteotan gaztetxe eta gazte asanblada ezberdinak elkarlanean gabiltza batzen gaituen asanblada eta autogestioaren apologia egiteko egun bat antolatu asmoz. Egun honetan, azkenaldiko makrojaialdiak alde batera utzi eta kaleak berreskuratuko ditugu, kaleak morez, gorriz, beltzez, urdinez, berdez, horiz... margotuko ditugu. Denok batera, autogestioa eta asanbladaren apologia egin, eta sistema kapitalista patriarkarraren aurrean, egunero egunero, gure auzo zein herrietako gaztetxeetan eta gazte asanbladetan eraikitzen ditugun alternatibak plazaratuko ditugu: tailerrak, hitzaldiak, aisialdia, kontzertuak, jolasak, umeen txokoa... Honengatik guztiarengatik, animatu eta parte hartu apirilak 17an Altsasun goizeko 11etan egingo dugun koordinadorara.

Sistema zirikatu! Gaztetxeak bultzatu!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun