Estalitako esparruak, besteak beste, umeentzako 140 metro koadroko jolasgunea eta ostalaritza zerbitzua emateko 120 metro koadroko taberna-terraza hartuko ditu. Horretaz aparte, eremu horretatik kanpo, 960 metro koadroko kirol esparrua egokituko dute, kirol anitzerako kantxa batekin, saskibaloi txikirako beste kantxa batekin eta mahai-teniseko 3 mahairekin. 800 metro koadroko bidegorri tartea ere izango da bertan eta 285 metro koadroko umeentzako bigarren jolasgunea. Berdeguneek, bestalde, 5.200 metro koadroko eremua beteko dute, guztira. "Neguri auzoa berritzeko pauso handia" dela adierazi du Imanol Landak, eta "belaunaldi eta pertsona guztientzako" parkea izango dela gaineratu du, ezinduentzako behar besteko moldapenak eginez.
Erakusketa
Proiektuaren berri emateko, Udalak bulego bat jarri du parkean, eta bertan, auzokideek beren iritziak eta iradokizunak zabaltzeko aukera izango dute. Bestalde, modulu berean, "udalerria eraldatzeko proiekturik garrantzitsuenak" erakutsiko dira ere: Getxo Antzokia, Romo Kultur Etxea, BiscayTIKen Bake Ederreko egoitza eta Areetako Merkatuko enpresa elkartegia... Erakusketa hilaren 28ra arte egongo da zabalik 17:00etatik 21:00ak arte, astelehenetik ostiralera, eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00tara, asteburuetan.