Baina txapelketan banatuko diren sariak apartak izango dira: asteburua landetxe batean irabazleentzako, eta afaria bigarren, hirugarren eta laugarren geratuko diren taldeentzako. Gainera, beti bezala, partaide guztientzako oroigarriak egongo dira. Finalean kantatuko duten bertsolariak asteburuan emanaldi bikoitza izango duen Miren Amuriza eta Anjel Mari Peñagarikano izango dira. Aurretik, ohikoa denez, kanporaketan ALBEko bertsolariak arituko dira. Eta ohiturei jarraituz, finala Ander Deuna ikastolan jokatuko da.
Esaera Zaharren Txapelketa urtero-urtero egiten den egun osoko ospakizuna da, atsotitzak, bertsoak eta jaia ezin hobeto uztartzen dituena. Txapelketak bi saio ditu: eguerdian kanporaketak herrian zehar eta arratsaldean finalak Ander Deuna ikastolan. Taldeka egiten da (2-4 kide, 16 urtetik gorakoak) eta bertsolariek botatzen dituzten bertsoak aurretik banatzen den zerrendako 100 esaeretatik zeini dagokion asmatzean datza. Honetaz guztionetaz hitz egiteko, antolatzaileetariko bat den Aitor Fernandez de Martikorenari elkarrizketa (mp3) egin zioten iaz Koska irratiko lagunek.
Iaz sopeloztarrak garaile
Bertsoak eta atsotitzak uztartuz, iaz 18 taldek parte hartu zuten Gotzon Garate zena omendu zuen probaren 16. edizioan, "Jakinek ez deko kalterik" esaera zaharra lelotzat hartuta, 200 bat ikusleren aurrean. Lehiaketan, Puma Zein Kondor talde sopeloztarra nagusitu zen. Horrela, Badok 13 Berango eta Bilboko taldearen enegarren garaipena ekidin zuten etxekoek, estilo propioa erakutsiz. Errege berri lege berri, alegia. Finalaurrekoan, Zorrotzako Oskarbi eta Itzubaltzeta / Romo, Astrabudua eta Portugaleteko Berdin Dost taldeak berdinduta gelditu ziren 3. postuan. Bosgarren sailkapena tokiko beste talde batek hartu zuen: Are Kokoloagoak. Finalaurrekoa eta finalean Jone Uria Albizurik eta Aitor Mendiluzek botatako bertsoak zein lehiakideen erantzunak hemen entzun daitezke (mp3). Berriz, Euskadi Irratiko "Amarauna" saioak esaera zaharrei buruz egindako programa hemen dago entzungai (mp3). Bertan, Aritz Urrutikoetxea eta Aritz Barandiaran Puma Zein Kondor talde irabazlearen kideak, Aitor Mendiluze finaleko bertsolaria, Adolfo Arejita eta Andoni Egaña solasean aritu ziren.