Etxerat: "Espetxe politika kriminalak sortzen dituen basakerien testigu eta salatari duinak dira 11 pertsona hauek. Espainiako Gobernuak ez du testigurik nahi"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 17a, 19:55

Etxeratek bere elkartasun osoa adierazi nahi die aste honetan Euskal Herrian Guardia Zibilak atxilotutako 11 pertsonei eta euren ibilbide oparo osoan euskal preso politikoen defentsan izan duten konpromisoa azpimarratu nahi du. Horrekin batera, gure kezka azaldu nahi dugu atxilotuen egoeraren inguruan, inkomunikatuta dituzten bitartean jaso dezaketen tratuaren inguruko kezka handia dugu. Erramun Landa eta Saioa Agirre Basurtuko Ospitalera eraman zituztela jakin izan genuenean bihotza hoztu zitzaigun. Azken 30 urte luze hauetan, 10.000 pertsonek torturak edo tratu txarrak salatu baitituzte gure herrian armekin aritzen diren hainbat gorputz polizialek atxilotu ostean. Argazkian, Natxi Aranburu Etxeratek gaur emandako prentsaurrekoan / © Etxerat.

Asteazkenean gertatutakoa euskal preso politikoekiko elkartasunak azken hilabeteetan pairatzen ari den etengabeko erasoaren eredu nabarmenetariko bat da. Eraso bortitza izaten ari da eta bere helburua, Euskal Preso Politikoen Kolektiboa Euskal Herriko errealitate sozial, politiko eta kulturaletik erabat isolatzea da. Behin eta berriz esan dugu, gure senide eta lagun presoak itsu, mutu eta gor gura dituzte.

Horretarako, milaka kilometrotara sakabanatzen dituzte, espetxe barruan isolatu eta bakartu egiten dituzte, euren komunikazio denak bortxatu egiten dituzte, bisitarien kopurua ahalik eta murritzena izan dadila saiatzen dira edo aurrez aurreko bisiten aurretik euren senide eta lagunak miatu eta umiliatu egin nahi dituzte. Orain, gainera, inolako defentsa juridikorik ez izatea nahi dute eta, bide batez, pairatzen duten eskubide urraketa etengabeak inolako salaketarik ez izatea nahi dute.

Oso ondo eraikitako estrategia baten aurrean gaude. Guzti honen funtsa, indarrean dagoen espetxe politika kriminalak suposatzen duen xantaia erraldoi eta eskandalagarriari beste buelta bat ematea da. Espetxe politika kriminala gogortzea. Euren estrategiaren helburu orokorren frakasoaren jabe dira, horregatik gogortzen dute euren ustez euskal preso politikoek gehien mindu dezakeen alorra: Elkartasuna.

Baina, oker dabiltza beste behin ere. Euskal preso politikoen aldeko elkartasunak eta lan dinamikak ez du etenik izango eta inoiz baino gehiago nabarmenduko da. Isilarazten, atxilotzen edo suntsitzen saiatu arren, salaketak iraungo du. Ez dugu zalantzarik eta Espainiako Barne Ministerioak ere ez du zalantzarik. Horregatik, Estatuko Segurtasun Idazkariak, Camacho jaunak, ez zuen atxilotuta eta inkomunikatuta dauden pertsonak epaitzeko batere zalantzarik izan. Bere momentuan, Australiako telebistari kamera itzaltzeko zalantzarik izan etzuen bezala. Orduan, Australiako kazetariek tortura kasuei buruz ari ziren galdezka.

Bere nagusia den Rubalcaba jaunak ere bide beretik jo du. Goebbelsek berak, Nazien Gobernuko propaganda ministroak, sinatutako gezurrak eraiki eta jaurti zituen atzo. Bere porrotaren eta bere gezurren jakitun da, baina ondo daki mila aldiz errepikatutako gezur batek eragina izan dezakeela jendartean. Horregatik, behin eta berriz erabiltzen ditu gezurrak eta intoxikazioa mediatikoak indarrean dagoen espetxe politikaren osagarri gisara. Bi astetan bi istripu larri eragin, hiru euskal preso politikoek jipoituak izatera edota aurrez aurrekoak galtzera eraman dituen espetxe politika kriminal horren osagarri gisara.

Egoera guzti hauen etengabeko salaketaren abangoardian egoteak eragin du 11 pertsona hauen atxiloketa eta inkomunikazioa. Indarrean dagoen espetxe politika kriminalak sortzen dituen basakerien testigu eta salatari duinak dira 11 pertsona hauek. Espainiako Gobernuak ez du testigurik nahi. Espainiako Gobernuak ez du bere jarduna salatu dezaketen testigurik nahi. Espainiako Gobernuak ez du bere bidegabekeri juridikoak auzitan jartzen duen abokaturik nahi, ez eta atxilotutako pertsonek inkomunikazio epea amaitzen denean dauden egoera larria salatuko duten abokaturik nahi. Espainiako Gobernuak ez du utzikeria medikuak erahildako euskal preso politiko eta laguna gogoratuko duen margolaririk nahi. Espainiako Gobernuak ez du espetxe politika kriminala eta bere ondorioak salatzen dituen seniderik nahi. Espainiako Gobernuak ez du euskal preso politiko ohiek lanean ikustea eta elkartasunaren bidetik jarraitzea.

Euren errezeta testiguak ezabatzea da. Euskal Herrian abagune historikoa zabaldu daitekeen momentuan, Espainiako Gobernuak betiko errezeta errepresibo eta antzuak aplikatu eta euskal preso politikoekiko elkartasuna kolpatu du beste behin ere. Estrategi errepresibo horretan sakonduko dutelaren jabe gara eta hurrengo hilabeteetan tamaina bereko basakeriak helduko direla. Baina, era berean, jakin badakigu elkartasuna eta salaketa etengabekoak izango direla. Izan ere, nahiz eta lora guztia mozten saiatu, udaberria geldiezina izango da Euskal Herrian. Horren eredu da, adibidez, iragan den urtarrilaren 2an Bilboko karriketan egindako manifestaldia. Debekatzen saiatu arren, Bilboko kaleak jendez eta elkartasunez lepo egon baitziren.

Gure aldetik, atxilotuta eta inkomunikatuta dauden 11 pertsonei eta euren senideei gure besarkadarik beroena helaraztea eta euskal jendarteari bihar arratsaldean Bilbo eta Donostiako karriketan egingo diren manifestazioetan parte hartzera dei egiten diogu.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun