Estremerako espetxeraino joandako unibertsitarioak jazarri ditu Guardia Zibilak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 17a, 22:07

Guardia Zibilen oztopoen gainetik, euskal preso politikoekiko elkartasuna espetxera iritsi zen ostegunean zehar burututako martxari esker, Presoen Aldeko Taldeek (PAT) adierazi dutenez. Lehenengo geltokia Estremera izatea erabaki zuten unibertsitarioek, gero Valdemoro eta Soto del Realera joateko asmoz. 11:00ak inguruan heldu ziren eta autobusetik ikurrinak, megafonoa eta txalaparta atera ostean kartzelako inguruetara hurbildu ziren. "Sarrerako zaindariek espetxeko esparruan sartzeko baimenik izan ezean sarrera debekatu ziguten", PATek zehatu duenez. Eguerdiko 12ak arte han ibili ziren oihu eta oihu eta txalaparta joaz. "Guk ez genituen haiek entzun, baina geroago, senideek entzun gintuztela jakinarazi ziguten", diotenez. 12:20an autobusera iritsi ziren eta han zeuden 15 guardia zibil inguru euren zain. PATekoek azaldu dutenez, "lehendik autobus gidaria zirikatzen ibili ziren, eta guri hasiera batean autobusera sartzen utzi ziguten inolako eragozpen edota identifikaziorik gabe. Baina, berehala, autobusera sartu ziren eta identifikazio dokumentuak prestatzen joateko agindu ziguten, zergatia galdetuta arrazoia identifikazioa bera omen zela. Aurretik atzera joan ziren orri batean eskuz pertsona bakoitzaren datuak idazten". Argazkian, Gasteizko gaztetxean gauean egindako jaialdiaren irudia, martxakoak guardia zibilek ezabatu baitzituzten / cc by-sa PAT.

Irrati elkarrizketa bat egiten ari zen lagun bati telefonoa eskegitzeko agindu zioten. "Debeku honi telefono guztiak kentzeko mehatxuak jarraitu zion", PATek salatu duenez. Jarraitu dutenez, hurrena, lagun bat jaitsiarazi zuten, berriz identifikatu eta bera eta bere gauza guztiak miatu zituzten: "gero beste bat, eta atzetik beste bat jaitsi gintuzten autobusetik banan-banan, eta bukatzen zutenean errepidearen beste aldera bidali eta autobusari bizkarrez lurrean eseriarazi gaituzte. Horrela guztiokin". Presoen aldekoek azaldu dutenez, galdekatu egin zituzten martxa nork antolatu duen, zergatik hartu zuten parte, zenbat ordaindu zuten... "Batzuoi zein erakundetako kide ginen galdetu ziguten -behin eta berriz ea Segikoak ote ginen, talde feministaren batekoak ginen, Korrikara joan ginen, zergatik atxilotu gintuzten eta abar-, beraiekin 'barruan' bukatu nahi genuen, ea tontoak ginen...", gaineratu dutenez.

Irainak, mehatxuak eta zaplaztekoak

Neska bati ea inoiz halako batean izan zen galdetu zioten eta horrek ezetz esan zien. Datuak pasatuta beste gauza batean identifikatua izan zela jakin zutenean, “me ha mentido, la hija de puta no es virgen” esan zuen guardia zibiletako batek, PATek adierazi duenez. Mutil bati lepo atzean zaplaztekoak eman eta “¿tu qué eres, el listillo de aqui? la proxima vez que nos veamos no sera en estas condiciones” esanez mehatxatu zuten, salatu dutenez. Argazki kameretako txartelak kendu eta dena ezabatu zuten.

Bi ordu eta erdiz izan zituzten atxikita ikasleak: "hasieran pixa egitea ere debekatu ziguten, zelaian eginez gero berriz identifikatu eta salatuko gintuztela mehatxatuz. Gero banaka-banaka mutilak zelaian bertan eta neskak muinotxo baten atzera bidali gintuzten pixa egin genezan", aipatu dute presoen aldekoek. Bukatu zutenean autobusera sartzeko agindu zieten, baina heietako bat berriz igo zen autobusera arduradunaren izena eskatuz, "terrorismoaren gorazarreaz salatuko gintuztela; bat ez bazen, guztiak". Arduradun bakar bat ere ez zegoela eta "guztiok solidario ginela" esan zieten guardia zibilei.

"Generamatzan gauza batzuk terrorismoari gorazarrea egin ziezaieketela esanda, kenduko zizkigutela esan ziguten", jarraitu dute PATekoek. Bi pertsona autobusetik jaitsi ziren zer kendu diguten ikusteko: megafonoa, “Maite zaituztegu. Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira!” eta “Amnistia, askatasuna!” zioten pankartak eta euskal presoen Euskal Herriratzearen aldeko lau banderatxo hartu zituzten guardia zibilek. "Banderatxo guztiak kendu beharrean eredu bana hartzeko esan genien. Ikurrinak ere eraman genituen, baina hauek maleteroan utzi izanak harritu egin gintuen; guardia zibilek esan zuten bandera 'español' horiek ez zituztela hartuko. Gero benderatxoak lotuta zeuden makilak berreskuratu nahi genituela esan eta guztia zegoen bezala aztertzera bidaliko zutela erantzun ziguten, eta ostera banaka Madrilera deituko gintuztela mehatxatu gintuzte", salatu dute ikasleek.

Lau EHNA faltan

Handik nora zihoazen galdetuta, etxera, Euskal Herrira zihoazela esan zieten. "Ea non dagoen burlatu zitzaizkigun, eta iparralderago dagoela erantzun genien, eta hori intoxikazio mentala dela esan zuten haiek", PATekoen hitzetan. Materiala ikustera jaitsi ziren bi lagunak arduradun egingo zituztela ere esan ei zieten, eta "solidarioak" izango zirela erabaki eta beraiekin hala egitea adostua zutela erantzun zietenean, “a mi que cojones me cuentas” esan zieten guardia zibilek. Autobusera igotzen ari zirela “ongi ibili” esan zien batek, presoen aldekoek aipatu dutenez. 15:00etan Gasteizerako bidean ziren ikasleak. Autobusean zeudela, gauzak ikuskatu zituzten eta lau laguni EHNA falta zitzaiela ohartu ziren. Bazkaltzeko, berriz, Bocegillasen gelditu ziren.

Ikasleak 20:30ean iritsi ziren Gasteizera eta segituan gaztetxera abiatu ziren gaueko Elkartasun Jaialdian parte hartzeko. Bitartean, lagun batzuek Ertzaintzaren komisariara jo zuten guardia zibilek EHNA "lapurtu" zietela salatzeko, "baina dokumentu ofiziala ez den aitzakiapean, salaketarik ezin izan genuen jarri".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun