Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak aske utzi ditu gaur Erramun Landa Leioa eta Erandioko campuseko pintura irakaslea eta Jose Luis Gallastegi, bere egoitzan hartu ostean. 15:30ak aldera atera dira auzitegitik. Guardia Zibilak
asteazkenean atxilotu zituen, baita beste zortzi lagun ere: horien artean, Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna eta, besteak beste, eskualdeko hainbat presoren abokatua; eta Saioa Agirre Sopelako Zipiriñe ikastetxeko andereño zornotzarra. Efe berri agentziak dioenez, epailea 11:45ean hasi da haiek hartzen; Luis Barroso fiskala bertan da. Aldiz, ez daude han atxilotuen konfiantzako abokatuak, ez baitiete egoten utzi; gainera, Grande Marlaskaren egoitza dagoen solairutik bidali egin dituzte. Atxilotuak ofizioko abokatuekin daude. Epaileak Naia Zuriarrain, Jon Enparantza, Arantza Zulueta eta Iker Sarriegi hartu ditu aurrenik, banan-banan, baina ez du oraindik erabakirik jakinarazi. Auzitegiko iturriek diote fiskalak haien kartzelatzea eskatuko duela; Landa eta Gallastegiren kasuan aske uzteko galdegin du. Beste laurak arratsaldean eramango dituzte epailearengana, 17:00ak aldera. Lapurdin atzemandako David Pla ere orduotan eramango dute epailearen aurrera. Argazkian, ostegunean salatu zuten Erramun Landaren eta besteen atxiloketa Leioako campusean.