
Asteazkeneko polizia operazioan Bizkaia eta Gipuzkoan atxilotutako hamar lagunetatik bost espetxeratzea eskatu du Luis Barroso fiskalak, hainbat albiste agentziek zabaldu dutenez. Horien artean dira euskal preso politikoen hiru abokatuak. Hortaz, Arantza Zulueta Lemoizko bizilaguna kartzelara dezatela galdegin du letraduak. Barrosok neurri berbera eskatu du Sopelako Zipiriñe eskolan atxilotu zuten Saioa Agirrerentzat eta Naia Zuriarrainentzat. Biek abokatuen bulegoetan lan egiten zutela diote aipatu iturriek. Horretaz gain, andereño zornotzarra Etxeraten arduraduna ere badela adierazi dute. Bitartean, Juan Mari Jauregi, Asier Etxabe eta Joxe Domingo Aizpurua askatzea eskatu du Barrosok; lehenengo biak bermea ordainduta. Erramun Landa Leioa eta Erandioko campuseko pintura irakaslea eta Jose Luis Gallastegi, berriz,
libre utzi ditu Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. David Pla ere aske geratu da gaur, Parisen. Ostiralean atzeman zuen Frantziako Poliziak Hendaian (Lapurdi), polizia iturrien arabera asteazkeneko sarekadarekin lotuta, eta gaur eraman dute Parisko epailearen aurrera. Argazkian, manifestazioa atzo Bilbon / cc Askatu.org.