Azken polizia operazioan atxilotutako lagunetako zenbaitek torturak salatu dituzte, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak (AAM) zabaldu duenez. Oraindik informazio urri duela agertu du AAMk. Baina, zehazki, Naia Zuriarrainek eta Saioa Agirrek torturak salatu dituztela adierazi du. Azken hori Sopelako Zipiriñe ikastetxean atzeman zuten, eskolak ematen ari zela. Bi emakumeek emandako lekukotasunen arabera, kolpeak, zaplaztekoak, "poltsa" egiteko mehatxuak eta sexu jazarpena jasan dituzte; ukitu lizunak egin dizkietela zehaztu dute. Batak zein besteak auzi medikuari zein epaileari eman diote horren guztiaren berri. Jose Luis Gallastegik, berriz, salatu du postura behartuetan egonarazi dutela, ondoezik sentitzeraino ariketa fisiko gogorra eginarazi diotela, eta "poltsa"-rekin, "bainera"-rekin eta elektrodoak jartzearekin egin diotela mehatxu. Erramun Landa Arte Ederretako Fakultateko Pintura irakasleak hiru egun erietxean egin ditu. Diabetikoa da, eta hasiera-hasieratik izan zituen krisiak. Arantza Zulueta Lemoizko bizilagunak, Txomin Aizpuruak, Jon Enparantzak eta Iker Sarriegik galdeketa luze eta gogorrak jasan dituztela salatu dute, baina horiei buruz informazio urria du AAMk. Guztiak Guardia Zibilaren eskuetan bost egunez inkomunikaturik izan ostean, Zulueta, Agirre, Zuriarrain, Enparantza eta Sarriegi espetxera bidali zituen Fernando Grande Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak. Argazkian, otsailaren 13an torturekin amaitzeko eskatu zuten Leioa eta Erandioko campusean / cc by-sa PAT.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!