Ohi denez, Getxoko Kultur Etxeko liburutegiek euren txokoa izango dute azokan. Horrela, liburuak mailegatzeko aukera eskainiko zaie irakurleei. Liburuok euren etxeetara eraman ahal izango dituzte. Halaber, umeek eta gazteek komiki eta ipuin interesgarriak aurkituko dituzte, bertan irakurri ahal izateko. Jarduerei dagokienez, haurrentzako tailerrak, jolasak eta argazki zaharren erakusketa izango dira egun guztietan. Azken horretan, San Nikolaseko liburutegiko argazki bildumako irudiak egongo dira ikusgai. Bestalde, ostiralean, hilak 23, jendaurreko irakurketa izango da, hamabigarren urtez jarraian, eskola-ume getxoztarren eskutik. Goizeko 10etan hasiko da hori. Ostiralean, berriz, "In Vino Fabula" helduentzako ikuskizuna izango da 20:30ean. Koldo Amestoy ipuin-kontalariaren istorioak, Pantxix Bidarten bertsoak eta zuzeneko musika uztartzen ditu ikuskariak.
Halaber, azokan, haurrentzako bi ikuskizun izango dira. Batetik, ostegunean, Apika Taldeak "Monda lironda pailazoak" euskarazko lana antzeztuko du, 17:30etik aurrera. Eta bestetik, larunbatean, "Kontu kantoi" ipuin kontaketa saioa izango da, espainolez, 18:30ean.
Egileen sinatze-txandak
Azken urteotan gertatu bezala, aurten ere tokiko idazleak egongo dira azokan, euren azken lanak aurkeztu eta aleak sinatzeko asmoz. Hitzordua larunbatean jarri dute, 11:00etatik 14:00etara. Aurten, lehenengo Literatura Sari Nazionalaren bi irabazle parte hartuko dute sinatze-txandetan: Unai Elorriaga eta Ramiro Pinilla. Azken egile horren lana garrantzi handia izango du azokan, bere liburuetan agertzen diren udalerriko tokirik esanguratsuenak ezagutzeko txango bat antolatu baitute liburutegiek. Horretan izen-emateko epea ostegunean zabalduko dute, azokan bertan. Aipatutako egileez gain, honako hauek ere egongo dira: Mikel Martinez, Iñaki Miro, Ritxi Lizartza, Iñaki Friera eta Mikel Gorrotxategi.