Familien arretarako gunea zabaldu dute Getxoko hilerrian

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 20a, 19:24

Getxoko udal hilerriko eraikin nagusiko familia eta lagunentzako arretarako gune berria aurkeztu dute, gaur goizean, Imanol Landa alkateak eta Joseba Arregi Hirigintza Arloko zinegotziak. Eraikin horren handitzea, hainbat fasetan egingo dela jakinarazi du lehenengoak. Zabaldu berri den gune hori zaharberritze lanetan hasierakoa izan da. Azpimarratzekoa da eraikinari erantsitako zatia bat datorrela gainontzekoak duen itxura arkitektonikoarekin. Izan ere, horrek babes berezia dauka, Landak jakinarazi duenez (mp3). Handitze horrekin, 144 metro koadroko eremu erabilgarria lortu da, bi solairutan banatuta: behekoa eta sotoa. Zabaltze horren helburua herritarren arretarako gunea eta udal langileentzako eremua egokitzea izan da. Lehenengoan, alde batean, familien arretarako gunea izango da. Eta bestean, udal beharginen erabilerarakoa soilik: egongela eta janlekua, hain zuzen. Sotoan, berriz, langileentzako aldagelak, dutxak eta garbiketa zerbitzuen gela izango dira. Hirigintza arloko zinegotzi Joseba Arregik azpimarratu duenez, “dena asfaltatu beharrean berdearen estetika zaindu nahi izan dugu. Hau da, historiaren irudia gorde nahi izan dugu, baina egungo zerbitzu prestazioekin”. Proiektuaren aurrekontua, 582.000 euro ingurukoa izan da, eta Toki Inbertsiorako Estatuko Funtsak emandako diru-laguntzarekin finantzatu dute. Argazkian, Imanol Landa eta Joseba Arregi proiektua aurkezten. Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun