
Algortako Musika Eskola jartzeko,
Getxolanen eraikina erabiltzea eskatuko du apirilaren 30eko udal batzarrean, mozio bidez, Getxoko PPk. Areetako azoka zegoen tokian altxatuko duten enpresa elkartegira aldatuko dute enplegu sustapenerako zentroaren egoitza, Marisa Arrue bozeramaile popularrak adierazitakoaren arabera. Gauzak horrela, musika eskola berria San Martin kaleko udal eraikinean jarri dezatela galdegin dute PPkoek. "Getxo Antzokirako proiektatutako bigarren blokea ez lukete eraiki behar izango horrela, kultur zentro berria etxebizitzetatik urrunago egotea eta eremu irekiagoa egitea ahalbidetuz", aipatu du Arruek. Beste hainbat arrazoi ere eman ditu Getxoko PPren bozeramaileak. Bere ustez, "inbertsioa askoz txikiagoa izango litzateke, dagoeneko Getxolanen egungo egoitza udal eraikina badelako eta berririk eraiki behar ez delako. Bestalde, berdeguneez inguratuta dago". Argazkian, Getxoko PPko hainbat zinegotzi gaur Getxolanen aurrean.