
Barakaldoko BEC-en izandako Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala oraindik burutik kendu ezinik dabiltza Leioan. Bertan, bertsolaririk azkarrenak, argienak eta trebeenak izan ziren oholtza gainean berba-lehian. Ostiral honetan, apirilak 23, bertso munduko hainbat aurpegi ezagun izango dira
Kultur Leioako entzungelan. Hitzordua 20:00etan jarri dute eta sarrera 5 eurotan. Aipatu saioan, BEC-en egondako bertsolarietatik hiruk parte hartuko dute: Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Aitor Mendiluze. Xabi Paya algortarrak osatuko du laukotea. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Nahikari Ayo itzubaltzetarra arituko da. Bitartean, hilaren 30erako, San Bartolome auzoko kultur etxean antolatu du bertso afaria Leioako Lamia AEK-k. Kantu kantari, Andoni Egaña eta Aitzol de Castro izango ditu lagun Fredi Paya algortarrak. Txartelak (20 euro) erosteko azken eguna igandea (apirilak 25) izango da. Euskaltegian bertan, Kurkudin eta San Bartolomeko tabernan daude salgai. Argazkian, Xabi Paya izango da eskualdeko ordezkaria etziko saioan.