Topagunearen irakurzaletasun kanpainan ez du parte hartuko aurten Berbotsek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2010ko api. 21a, 19:30

"Irakurri, Gozatu eta Oparitu" egitasmoaren laugarren edizioa aurkeztu du gaur goizean, Bilbon, Topagunea Euskara Elkarteen Federazioak. Euskarazko irakurketa sustatzeko asmoz sortu den egitasmoa, Hego Euskal Herriko 16 herritan gauzatuko da, tokian tokiko euskara elkarteen, udal liburutegien eta liburu denden elkarlanari esker. Aurtengo edizioan, iazkoan baino 5 herri gutxiago hartuko dute parte. Izan ere, "krisia dela eta, zaildu egin da diru laguntzak lortzea". Horregatik, herri horietako elkarteek ezingo dute kostuei aurre egin. Kanpoan geratutako taldeetako bat Berbots Erandion Euskaraz! izan da. "Irakurri, Gozatu eta Oparitu" egitasmoa apirilaren 23an abiatuko dute, Liburuaren Nazioarteko Egunean. Katalanek Diada de Sant Jordi delakoa ospatzen dute egun horretan, elkarri arrosak eta liburuak oparituz. Amaiera, berriz, uztailaren 24an izango da: "uda izaten da jendeak irakurtzeko denbora gehien duen tartea, eta ondorioz uda aurreko hilak oso egokiak iruditu zaizkigu liburu trukea sustatzeko", Topaguneko arduradunek adierazi dutenez. Argazkian, Topagunearen Kultura Alorreko teknikaria, Manuel Moreno eta Irati Jimenez idazlea Euskaltzaindiaren Bilboko egoitzan, kanpaina prentsari aurkezten / cc-by-nc-sa Topagunea.

"Egitasmoaren helburu nagusia irakurzaletasuna bultzatzea da, euskaraz irakurtzearen alde atsegina azpimarratu nahi izan dugu: euskararen erabilera gozagarria sustatu nahi du Topaguneak, irakurtzeak eta oparitzeak (zein opariak jasotzeak) dakarten gozamenaren bidez", azaldu dute Euskara Elkarteen Federazioko arduradunek. Baina, bide batez, "oso garrantzitsuak" diren bestelako helburuak ere lortu nahi ditu Topaguneak, ekimen honen bidez: batetik, euskara elkarteetako bazkide diren euskaltzaleak liburutegi publikoen erabiltzaile aktibo bihurtzea. Bigarren, era askotako eragile publiko eta pribatuen elkarlana sustatzea, eta eragile horien guztien arteko harreman sarea euskaraz hedatzea. Eta azkenik, ekimen honek ekarpena egin nahi dio euskarazko liburugintzari, liburuen ekoizpena eta salmenta bultzatuz. Izan ere, iaz parte hartu zuten 21 herri horietako 12tan nabarmen igo zen liburuen mailegua "adin tarte guztietan", Topaguneko bozeramaileek nabarmendu dutenez. Guztira 913 fitxa bete ziren, orotara maileguen %40a. Eta erosketei dagokionez, liburu-dendetan 517 liburu erosi ziren, horietako %59 oparitutako txekeak erabiliz.

Irakurri

Iazko esperientzian eta balorazioetan oinarrituta, aldaketa batzuk izan dira egitasmoaren funtzionamenduan, prozedura errazte aldera, Topaguneak zehaztu duenez. Kanpainaren beraren izenak dioenez, irakurtzea da lehenengo pausua; euskaraz irakurtzea, hain zuzen ere. Herriko liburutegi publikora joan, eta euskarazko edozein liburu maileguan hartzea da lehenengo urratsa. Kanpaina dirauen bitartean, euskarazko liburua hartzen duen bakoitzak orri-markatzaile bat jasoko du opari, ekimenean parte hartu zein ez. Horretarako, 25.000 markatzaile egin ditu antolakuntzak. Zein liburu aukeratu ez dakitenentzat, adinaren arabera sailkatutako ehun liburu gomendatzen dituen zerrenda bat egongo da eskuragarri. Zerrenda hori iazkoan oinarrituta egin dugu, sei liburutegitako arduradunek proposatutako aldaketak eta eguneraketak eginez. Oraingoan ere, ehun liburuetatik 90 berberak izango dira leku guztietan, eta beste hamarrak aldatu egingo dira herri batetik bestera, tokian tokiko interesen arabera.

Gozatu

Liburua irakurritakoan, liburutegiari bueltatu, noski, eta fitxa sinple-sinple bat bete beharko da: zein izan den irakurritako liburua, zer inpresio eman digun… Fitxa hori beteta, liburuzainak deskontu txartela emango digu, hitzartutako liburu dendan erabiltzeko.

Oparitu

Azken pausua, iaz bezalaxe, liburua oparitzea da: lagun bati, senide bati, bihotzeko azukre koxkorrari… edo, zergatik ez, norbere buruari. Liburutegian jasotako txartelarekin, %25eko deskontua izango dugu liburu dendan euskarazko beste edozein liburu erosterakoan, (%50ekoa euskara elkarteko kidea izanez gero).

Esan bezala, 16 herritan egongo da martxan kanpaina hau datozen hiru hilabeteotan, tokian tokiko euskara elkarteek sustatuta: Araban, Laudio (Basalarrina). Bizkaian, Santurtzi (Bai Esan), Durango (Berbaro), Ermua (Euskal Birusa), Basauri (Euskarabila) eta Zaldibar (Eixu). Gipuzkoan, Tolosa (Galtzaundi), Deba (Zuhatza), Lazkao (Goierriko Euskal Eskola), Andoain, Asteasu, Amasa-Villabona (M. Larramendi) eta Urnieta (Inistorra - M. Larramendi). Eta Nafarroan, Irurtzun (Aizpea), Lizarra (Garean) eta Etxarri Aranatz (Udal Liburutegia).
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun