Hileta autoak auzo erdigunetik igaro ez daitezen, Ollarretxe kaletik beilatokira sartzeko arrapala prestatuko dute. Sarbide berri horrek gain kostua izango du enpresarentzat. Hori bideragarri egiteko Ollarretxeko 8. zenbakiko Jabeen Erkidegoko saneamendu sarea aldatu beharko dute. Halaber, Bizkaiko Foru Aldundiarena den Ollarretxe kaleko errepide tarte hori berari emateko gestioak arinduko ditu Udalak. Horretaz gain, enpresak beilatokiaren inguruarekin bat datorren proposamen estetikoa aurkeztu du eta berea den eraikinaren ingurua egokitzeko konpromisoa ere hartu du.
Errausketa-laberik ez
Era berean, alkateak adierazi duenez, HAPO aldatzeko proposamena eramango du udal batzarrera, maiatzean, Imanol Landa buru duen Gobernu Taldeak, hiri-lurzoruan errausketa-labeak galarazteko. Neurri horrekin Aldapako beilatokia inolaz ere errausketa-labe bihur ez dadin bermatuko da. “Horrela”, aipatu du udal agintariak, “auzokideen aurrean neure gain hartutako konpromisoetatik beste bat betetzen dut”.