
Azken asteburuan ere aurrez aurrekoekin arazoak izan direla salatu zuen atzo
Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteak. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak azpimarratu duenez, Jagoba Terrones berangoztarra bisita intimoa egin ezinik gelditu zen Castello (Herrialde Katalanak) aldeko Albocaser espetxean. "Bezperan, aurrez aurreko familiarra izan zuen arren, intimoa egiterako orduan araketa egiteko agindua zegoela esan zioten senideari. Madrildik etorritako zerrenda baten arabera, miatu behar zuten", azaldu du errepresioaren kontrako erakundeak. Bitartean, Salamanca (Leon, Espainia) aldeko Topas espetxean, azkeneko bi egunetan itxialdian egon dira. AAMren arabera, "astelehenean kideek jasotako jipoiak salatzeko eta atzo Zigor Goikoetxea aurrez aurrekoa galdu izanagatik". Salatu dutenez, preso getxoztarrak aurrez aurrekoa galdu zuen, "araketa umiliagarrien saiakerak direla-eta". Argazkian, 2009ko urriaren 16an espetxeratu zuten Jagoba Terrones.