1990ean bakarlari onenaren saria irabazi zuen "Concours de la defense" lehiaketan. Hurrengo urtean Henri Texier kontrabaxu-jole famatuarekin "Azur Quartet" disko arrakastatsua grabatu eta Michel Portal klarinete-jolearekin elkarlanean aritzeko aukera eman zion horrek. Artista horiekin eskutik, Bojan Zk bere musika-lengoaia garatu zuen, Balkanetako eragin folkloriko ugari dituena. 1993an debuteko diskoa grabatu zuen bere lehenengo laukotearekin eta, handik bi urtera, New Yorkera joan zen bere bigarren lana prestatzeko: "Yopla!". 1999an kultura anitzeko doinuak uztartzen dituen "Koreni!" proiektua gauzatu zuen zortzi herritako musikarien laguntzaz: Karim Ziad perkusionista aljeriarra, Ney Kudsi Erguner maisu turkiarra, Vlatko Stefanovski rock gitarra-jole mazedoniarra, Belgradoko hiru artista eta Predrag Revisin eta Vojin Draskoci baxu-joleak.
Zenbait urtez diskorik grabatu barik egon ondoren, "Solobsession" lana kaleratu zuen 2001ean, nazioartean ospe handia lortuz. Konposizio bikainez beterik, Bojan Z estilo paregabeko piano-jolea zela baieztatu zuen diskoak. Areetako kontzertuan "Tetraband" bere azken lanaren kantak aurkeztuko ditu. Iaz grabatu zuen Josh Roseman tronboi-jolearen, Ruth Soller baxu-jolearen eta Seb Rochford bateria-jolearen laguntzaz.
Sariak
Bere jardueran, sari ugari lortu ditu Bojan Zulfikarpasicek. Horien artean honako hauek aipatu behar dira: 2002an, Frantziako gobernuaren "Chevalier de L'Ordre des Arts et des Letres" titulua, eta Academie de Jazzaren urteko jazz musikari onenari emandako Django saria. 2005ean Europako Jazz Saria (Hans Koller Prize) lortu zuen Europako Jazz Artista Onenaren mailan.