Sopelako Dismodel, Utillajes Galindo eta Jehisa trokelgintza enpresetako langileak, orotara 100 baino gehiago, enplegua erregulatzeko espediente berri bat jasateko arriskuan daude. Eusko Jaurlaritzak noiz onartu zain daude, eta hori gertatzekotan, bigarrena izango litzateke. EEE berri hori, lehenengoa bezala, lantalde osoari eragingo lioke. LABeko ordezkariek diotenez, "espediente berri hau, 6 hilabetez egongo da indarrean, langile bakoitzak horietako 5 jasanez. Hau da, bi espedienteak kontuan hartuta, 10 hilabetez lanik gabe geratzeko bidean daude". Bitartean, enpresek ez dute beharginekin negoziatu nahi izan, sindikatu abertzaleak salatu duenez. LABen arabera, "enpresetako arduradunek bideragarritasun planik ezin izan dutela aurkeztu diote. Baina, larderiaz esaten dute gaur egun eskaerak atzera botatzen dabiltzala". Bigarren espediente hori, lehenengoa bezala, "akordio barik" doala nabarmendu dute langileek eta, horri aurre egiteko, txosten bat aurkeztu dute Eusko Jaurlaritzan. Orain, Lakuako Gobernuaren erabakiaren zain daude fabrika horietan lan egiten duten lagunek. Beharginen ordezkariek esan dutenez, "Eusko Jaurlaritzak ekintza arduratsu bat egin beharko du, langileon interesak babesteko eta bigarren espediente hau ukatzeko". Argazkian, langileak fabriketako baten aurrean kontzentratuta / © LAB.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!