Herri udalekuei dagokienez, “Udako ludotxikia” 2005etik 2007ra bitartean jaiotako neska-mutilei zuzenduta egongo da. 10:00etatik 14:00etara izango dira jarduerak, txangoak ere egingo dituztela. Irteera egunetako ordutegia, 17:00ak arte izango da. “Gazte euskaltegia” ekimenak egitarau berezia izango du. “Ikerlari txikiak” lelopean, jarduera ezberdinak arilkatuko ditu. Oraingo honetan, 2001 eta 2004 urteen artean jaiotako lagunei egongo da bideratuta. Ekainaren 28tik uztailaren 23ra bitartean izango dira jarduerak eta, honetan ere, irteera bereziak egingo dituzte. Egun horietan, 19:00ak arte luzatuko dute ordutegia.
Ekainaren 28tik uztailaren 23ra ere “Abenturazko uda” eskainiko du udal Ludoklubak. Horrek ere 19:00etara arteko irteera bereziak hartuko ditu. Baina, oraingo honetan, 1998tik 2000ra artean jaiotakoei egongo da zuzenduta. 1998 eta 1992 urte artean jaiotakoentzat, berriz, “Uda gaztea” prestatu dute. Kasu honetan, udaleku bi mota ezberdin proposatzen dira: ekainaren 29tik uztailaren 2ra, udaleku itxiak Lekeitioko aterpetxean. Ondoren, uztailaren 23ra bitartean, udaleku irekian abian izango dira, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara. Salbuespen bezala, txango egunetan 10:00etatik 19:00etara egingo dituzte irtenaldiak.